Eguberri giro betean gara dagoeneko; ostegun hau, abenduaren 21a, San Tomas eguna dugu. Usurbilen aurreko igandean ospatu genuen, NOAUA! Kultur Elkarteak frontoian antolatutako azokarekin. Ikastetxeak ere neguko oporraldian murgildu aurretik antolatu dituzten kantu saioetan ere San Tomas eguneko ohiturak txertatzen dituzte; janzkera dela, txistorradun otartekoa... Halaxe egin zuten atzo Udarregi ikastolakoek, ostegun goiz honetan Aginagako eskolakoen txanda izan da, bihar Zubietako eskolakoek hartuko dute lekukoa.
Izatez, ordea, gaurkoa da aipatu moduan San Tomas eguna. Ostegun honetarako txistorra jan ederra iragarri du Santuenea elkarteak auzo elkartearen egoitza atarian, iluntzeko 18:00etan hasita.
Ez da izango, auzoan urte garai honetarako deitu duten ekitaldi bakarra. Iragan larunbatean, gabonetako festa antolatu zuten; salmenta postuak, haurrentzako tailerrak, jan-edana, gabonetako zuhaitza piztea, Dj Gorkamendiren emanaldia...
Gaurko San Tomas eguneko ospakizunaren ondotik, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo diote igandean, abenduaren 24an. Iluntzeko 18:00etan hasita, kalejiran irtengo dira auzoan barrena Tragoxka taberna paretik.