Santuenea eta Amiri arteko bidea itxita berriz igande goizean

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 5a, 08:24

Duela bi igande hasitako lanak amaitzeko itxiko dute berriz Santuenea eta Amiri arteko bide-zatia apirilaren 7an.

Martxoaren 24an itxi egin zuten goiz partean, Santuenea Zubietarekin lotzen duen Oria ondoko bidea, Amiriraino. Usurbilgo Udalak ohartarazi zuenez, "bertako lur-jabe batek erortzeko arriskua izan dezaketen zuhaitzak moztu ahal izateko baimena" eskatu zuen. Duela bi igande hasitako lanak amaitzeko, berriz itxiko dute bide-zati hau etzi, apirilaren 7an lau orduz; goizeko 8:00etan hasi eta eguerdiko 12:00ak arte. Ezingo dute bertatik igaro ez oinezkoek, ezta txirrindulariek ezta motordun ibilgailuek ere, Udaletik jakinarazi dutenez.

"Duela bi aste bertako lur-jabe batek erortzeko arriskua izan dezaketen zuhaitzak mozteko baimena izan zuen; lanak goiz bakarrean amaituko zituela uste izan zuen, baina ez zen hala izan. Hori dela eta, bidea berriz ixteko baimena eskatu du igande honetarako, apirilaren 7rako", Udaletik azaldu dutenez.