2024-25 ikasturtea

Jolasean eta dantzan egingo diote harrera ikasturte berriari Santuenean

Noaua Aldizkaria 2024ko abu. 27a, 08:56

Jolasean edota dantzan egingo diote harrera 2024-25 ikasturteari Santuenean. Bertako kultur elkarteak festa eguna iragarri du irailaren 8rako.

Abuztuko azken astean gara jada. Iraila ate joka dugu eta, harekin, 2024-25 ikasturtearen abiatzea. Santuenean ez dute oharkabean biziko abiapuntu hori. Izan ere, festa eguna iragarri du bertako kultur elkarteak irailaren 8rako.

Mugimendu bizian egin nahi diote harrera ikasturte berriari; jolasean eta dantzan. Hasteko, iraileko bigarren igande eguerdi horretarako trebetasun jolasetan parte hartzeko gonbita egin dute. Segidan, auzoan bertan bazkaltzekoa; postrea antolakuntzak eskainiko du, baina izena aurrez eman beharko da usurbilkultura.eus plataforman.

Eguna, dantzan amaituko dute, Ttipika dantza gidatuen talde usurbildarreko kideekin.

Ikasturte berria abiatzeko festa eguna, auzoko festen atariko hitzordua izango da. Santueneko festak aurten, irailaren 20tik 22ra ospatuko dituzte.

Ikasturte hasiera Santuenean
Irailak 8, igandea
12:30 Trebetasun jolasak.
14:00 Bazkaria (norberak ekarria). Postrea Santuenea KE-ren kontura. Bazkarirako izen ematea: usurbilkultura.eus
17:00 Ttipika.

Oharra: ekintzak Santueneko eskubaloi pistan egingo dituzte. Euria bada, frontoian.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.