Ikasturte hasiera girotua igandean Santuenean

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 6a, 09:27

Irailaren 20tik 22ra ospatuko dituzten jaien atarian, ospakizun giroan ekingo diote Santuenean 2024-25 ikasturteari igande honetan bertan.

Hemen da 2024-25 ikasturte berria. Ospakizun giroarekin ekin nahi diote festen atarian diren Santuenean eta ildo horretan antolatu ditu bertako kultur elkarteak iganderako zenbait hitzordu. Izan ere, jolasean edota dantzan egingo diote harrera 2024-25 ikasturteari Santuenean hilaren 8an. 

Ikasturte hasiera Santuenean
Irailak 8, igandea
12:30 Trebetasun jolasak.
14:00 Bazkaria (norberak ekarria). Postrea Santuenea KE-ren kontura. Bazkarirako izen ematea, irailaren 5a baino lehen: usurbilkultura.eus
17:00 Ttipika.

Oharra: ekintzak Santueneko eskubaloi pistan egingo dituzte. Euria bada, frontoian.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.

 

Irudi bila
Azken asteotan gogorarazi dizuegun moduan, irudi bila dabil Santuenea Kultur Elkartea. Kultur elkartea ikusgarri egingo duen logo bat behar dute eta horretarako laguntzarako deia egin dute. Helburu horrekin antolatu dute hain zuzen, Logo Lehiaketa. "Animatzen al zara?", egin dute gonbita antolatzaileek sare sozialen bidez zabaldutako ondoko irudiarekin.

Deialdi honetan parte hartu nahi duenarentzat, kontuan hartu Santuenea Kultur Elkartetik zabaldu duten ohar hau. Izan ere, haiekin hartuemanetan jartzea eskatu dute ekimenaren nondik norakoei buruzko azalpenak jasotzeko. "Bidal iezaguzu mezu bat eta adieraziko dizugu nola hartu parte!", iragarri dute.

Ekimenean parte hartu eta sorkuntza lan hau bideratu nahi dutenek antolatzaileek egokitutako helbide honetara mezu bat helarazi beharko dute; santueneake@gmail.com helbidera hain zuzen.

Adi, deialdi honetan parte hartzeko azken egunak dituzue honako hauek. Izan ere, irailaren 8a, igande hau finkatu dute deitzaileek proposamenak aurkezteko azken egun gisa.