Santueneko jaiak

Santueneko festei begirako zenbait deialdi

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 10a, 10:47

Irailaren 20tik 22ra Santuenean ospatuko dituzten auzoko festei lotutako zenbait oharren berri segidan.

Udako festen denboraldia amaitzear da, baina oraindik ohi bezala, inguruotan izango ditugu hainbat ospakizun egun; Aginagan urrian eta, aldez aurretik, Santuenean hilaren 20tik 22ra. Bertako jai batzordeak prest du jada hiru ospakizun egun horietarako hitzorduen zerrenda. Haietako zenbait ekitaldiei begira, gainera, aurrez izena eman beharko da.

Esaterako, auzokideentzat bilkura egun seinalatua izaten da festen azken egunean Santueneko frontoian ospatzen duten bazkaria. Aurtengo jaien eskaintzan txertatu dute hitzordu hau, baina ohi bezala, lekua aurrez erreserbatu beharko da. Otordu horretarako txartelak salgai izango dituzue Santueneko bi guneotan; Zaharren Egoitzan eta Tragoxkan. Baita, nahi izanez gero ere, Artzabalen. Honako menua iragarri dute: entsalada, oilasko errea, postrea eta edaria.

Jatekoa eta edatekoa ere eskuratu ahalko dute musean iaioenak direnek. Izan ere, arrakastatsua izan ohi den karta joko honen txapelketa antolatu dute baita Santueneko festetan, hilaren 21ean. Lehiaketa arratsaldeko 16:00etan hasiko da, baina orduerdi lehenago zabalduko dute antolatzaileek izen-ematea. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Sari ugari iragarri dituzte: bi txapel, bi lagunentzako afaria Aialde Berrin, bina zentollo, txuleta eta botila txakoli txapeldunentzat; bi trofeo, lau txuleta, onddo otar bat eta bi botila txakoli bigarren sarituentzat; lau kilo sahieski, bi gazta erdi eta bi botila txakoli hirugarren sarituentzat; eta bi baserriko oilasko eta bi botila txakoli laugarren sarituentzat.

Marrazkien erakusketa
Etxeko txikienek ere izango dute zer egina Santueneko jaietan. Asteburu osorako hainbat ekintza iragarri ditu jai batzordeak; puzgarriak, buruhandiak, txokolate jana, tailerrak... Sorkuntza ere sustatu nahi dute belaunaldi gazteenaren artean. Hala, 12 urtera arteko haurrek parte hartu ahalko duten marrazkien erakusketa iragarri dute. "Ekarri zure marrazkia txoznara jaietan zehar", egin dute gonbita. Parte hartzaile guztientzat oparitxo bana iragarri dute festen amaieran, hilaren 22an 20:45ean egingo den sari banaketan. "Marrazkiaren atzeko aldean izen-abizenak eta adina idatzi", ohartarazi dute antolatzaileek.


Honatx jai batzordeak jada plazaratua duen Santueneko festen egitaraua osorik:

Santueneko jaiak
Irailak 20, ostirala
16:00 Ur jolasak.
17:00 Txupinazoa.
Ondoren, globo gerra.
18:00 Txokolatada Zaharren Egoitzan.
18:30 Burrunbazale txaranga, poteoa eta buruhandiak.
21:00 Auzotarren afaria. Ekarri afaria eta sagardoa gure kontu.
23:00 DJ LILA.
Ondoren, txoznan jarraituko dugu festa goizaldera arte.

Irailak 21, larunbata
10:00 Puzgarriak.
12:30 Buruhandiak.
14:00 Haurren bazkaria (norberak ekarria, bertan edaria eta postrea banatuko dira).
15:30-16:00 Muserako izen-ematea.
16:00 Mus txapelketa.
16:00 Apar festa.
17:30 Txokolatada Tragoxkan.
18:00 Burrunbazale txaranga eta buruhandiak.
19:00 Sardin jana.
21:00 DJ LILA.
00:00 Dj Gaua: DJ FANTASIA, HAZAS ft JAGOBA, CHUCHAMBA.

Irailak 22, igandea
9:00 Esnadeia JON&JON.
11:00 Umeen tailerrak.
11:00 Toka txapelketa.
12:00 Hamaiketakoa txoznan.
12:00 Zanpantzarrak.
14:00 Auzo bazkaria. 
(Entsalada, oilasko errea, postrea eta edaria. Tiketak Zaharren Egoitzan, Tragoxkan eta Artzabalen)
Ondoren, bingoa.
18:00 Buruhandiak.
18:30 Etxebarria aita-seme trikitilariak.
19:00 Piper dastaketa.
20:45 Sarien banaketa.
21:00 Festen amaierako traka.

Antolatzailea: Santueneko Jai Batzordea.