Santueneko jaiak

"Auzoko bizitza berraktibatzea garrantzitsua da"

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 19a, 11:17

Santuenea ospakizun giroan murgilduko da asteburuan. Auzoa bizigarria dela erakutsi nahi dute jai batzordeko kideek, lerrootan NOAUA!ri adierazi diotenez. Irailaren 20tik 22ra jai giroan murgilduko den Santueneaz mintzatu zaigu jai batzordea lerrootan. 

Hasteko, izatez festen asteburua noiz den irizpide zehatz bat baduzue? 
Iaz, noiz ospatzen diren, horretaz hitz egiten aritu ginen. Iraileko hirugarren asteburuan zirela uste genuen, baina ez, iraileko azkenaurreko asteburuan izaten dira. 

Asteburuko ekitaldien eskaintza eskuartean hartuta, zeintzuk dituzue nabarmentzekoen artean?
Batetik, gauak. Bi DJ gau izango ditugu. Hor egin dugu ahalegin handiena. Espero dugu jendea erakarriko dutela. Horrekin batera, igande arratsaldetan emanaldi bat programatzen dugu urtero; aurten, Etxeberria aita-seme trikitilariak etorriko dira. Haiek ere jendea mugiaraziko dutela pentsatzen dugu.

Gazte belaunaldi berriaren artean, arrakasta itzela duen formula da DJ gauena ezta?
Egunetik egunera gehiago, bai. Festetan, gehien entzuten den musika emanaldietako bat DJ on batena da. Santueneko jaietan ere hala dela ikusi izan dugu. Iaz, argi geratu zen, nola bete zen plaza. Alkoholik gabe geratu ginen goizaldeko 3:00etan. Eromena izan zen. Bide horretatik segi nahi izan dugu aurten. Ea egoera bera errepikatzen den. 

Herritik kanpotik ere jendetza etorri zen. 
Lasarte-Oriatik eta Antiguatik. Antiguako jendea normalean etortzen da. Aurten ere Lasartetik jende dezente etortzea espero dugu. 

Iaz gauez jendetza ibili zela diozue. Jendetsuak izan ziren eguneko hainbat une ere. Joera hau finkatzen ari da? Gauez baino festa giroa egunez gehiago bizitzeko ohitura nagusitzen ari da?
Batez ere familien aldetik. Familia giroa sumatzen dugu bereziki ostiral arratsaldeko txupinazo eta globo gerran edota baita igande arratsaldeetan ere. Piper edota sardina janera ere animatzen da jendea. Polita da ere arratsaldean etortzea, festa giro ederra izaten da.

Zuen auzoko festa hauek zer eginkizun betetzen dute Santueneko bizitzan? Zer ekarpen egiten diote auzoari?
Auzoa biltzen dute jaiek. Festak iristean, auzoa eta herria, Usurbil ere biltzen da eta hori pozgarria da. Pozgarria da ikustea Santueneak bizirik segitzen duela. Azkenean, auzoa ez da lehen zena zentzu horretan. Lehen denak elkar ezagutzen ginen. Taberna piloa zegoen eta jendea gora eta behera ibiltzen zen. Orain pixka bat hori dena galdu da. Gu saiatzen garena da hona bizitzera datorrena, animatzea auzoko festetan murgiltzera, ikusaraztea Santuenean bizitza egin daitekeela, jende interesgarria bizi dela bertan. Testuinguru horretan, zapiak atera ditugu eta zapiotako leloa “auzoa egin” da. Helburua argia da, auzoa egitea sustatzea eta jendea Santuenean bizitza daitekeela jabetzea.

Auzoak izan duen bilakaera aipatu duzue. Nola ikusten duzue gaur egungo Santuenea?
Auzoko jendea joaten hasi da, gure adineko gutxiago daude. Auzo bizitza hori mantentzea edo berraktibatzea guretzako, auzokideontzako garrantzitsua da. Geroz eta jende gehiago prest izatea jai batzordean, baita festetan parte hartzeko ere guretzat garrantzitsua da.

Zertan da jai batzordea? Erreleboa gertatzen ari da beste zenbait bilguneetan.
Erreleboa beti behar da, jai batzordeko kideek ez dute eta betirako segiko batzordean. Oso larri egon ginen, juxtu pandemia eta gero. Lau kide geratu ginen, oso gaizki pasa genuen, ez genekien zer gertatuko zen jaiekin. Elkar animatuz, azkenean jendea erakarri eta festak mantentzea lortu dugu. Festak osasuntsu daudela uste dugu, urte batzuetan jarraitu ahal izateko bai behintzat. Egun, jende nahiko dago auzokoa, ahal duena segi aurrekoek egindako lan guztiarekin. Urtero-urtero gazte gehiago animatzen dira, ez direnak Santuenekoak baina beti garrantzitsua iruditzen zaigu batzordekoa izateko auzoarekin zerikusia, nolabaiteko loturaren bat izatea. Animatuak gaude eta esperantza dago festak mantendu eta jaiei jarraipena emateko. Guk aurrekoetaz ikasi, haiek transmititutakoa jaso eta ea berdin edo hobeto egin ahal dugun.

Azken urteotako jaiak jendetsuagoak izan dira ezta?
Pandemia aurretik beherakada handia izan zen. Pandemia ostean, gehienbat gazteak dira gauetan ikusten direnak. Jendea arratsaldeetan jaisten da txarangarekin. Jendea gustura dago eta guretzat pozgarria da.

Festa hauetarako gonbita nori eta zergatik egin nahi diozue?
Jende guztiari orokorrean. Inguruotako jaien denboraldiko azkenaurreko festak dira. Jendea eskolan edota lanean hasi berritan, festa giroa nahiko du eta aprobetxa dezala aukera hau, hemen egongo gara gu. Azkenean uste dugu festak denontzat direla, bai txiki, gazte zein helduentzat. Gure asmoa hori da, festen egitaraua orokorra izatea, guztiontzat: jaietan hainbat une izango dira umeentzako ekintza ezberdinekin, helduenentzako trikitilari, bazkari, piper edo sardin janak programatu ditugu, gazte eta helduentzako gauak. Guretzat hori da garrantzitsua, lehen esandakoa, festa giroa egun osoan izatea, gau eta egun.

Jai batzordeak nola uztartzen du festetan lan egitea eta festez gozatzea?
Beti egin izan da. Txoznan egotea beti polita izaten da festetan. Aldez aurreko lana pixka bat gogorragoa izaten da. Txoznan egotea beti polita da, ondo pasatzen da.  

Ezkutuko lan handia dago jai egunen aurretik eta festen ostean. Noiz hasi eta noiz bukatzen da antolakuntza lan guztia? Zer bide egiten duzue ezkutuko lan horretan?
Festak bukatu berritan jaien balantzea egiten dugu. Ikusten dugu zer atera den ondo, zer gaizki. Gerora, hurrengo jaien prestaketa lanak aurreratzen hasten gara, jende berri batekin hitz egiten, aurreko festetan gaizki ateratakoa aldatzen, tradizionalak diren ekitaldiei segida ematen. Gauza onak mantentzen saiatu eta berriak probatzen joaten gara. Aurten, adibidez, tortilla lehiaketa, bi urteetan egindakoa, eta balkoi apaintze lehiaketa kendu ditugu. Parte hartze gutxi izan zuten iaz.

Aldiz, globo gerra eta auzo bazkaria dira ekitaldi jendetsuenetako batzuk, auzotarren bilgune direnak.
Piper eta sardina janak baita. Jendea hitzorduotara animatzen da. Lehen, afaria eta bazkaria egiten ziren. Baina bazkariarekin bakarrik geratu ginen azkenean. Garrantzitsua da, azkenean, auzoa egitea eta hori mantentzea. Jaietara animatzea ez bakarrik betidanik bertan bizi direnak, Santueneara bizitzera datozenak ere animatzea eta kalera jaistea, bizitza hemen egin nahi izatea. Santuenea ez izatea lo egiteko auzune bat. Hemen ahal da bizitza egin; bi taberna ditugu, denda dugu, sagardotegia dago, soziedadea, kultur elkartea… 

Amaitzeko, erakutsi dizkiguzuen jaietako kamisetei eta zapiei buruz zer adierazi nahi duzue?
Kamisetak atera ditugu aspaldiko partez. Baziren hamar urte edo gehiago halakorik ez genuela egiten, jendea gogotsu zen. Espero dugu jendeak erostea, 8 eurotan egongo dira salgai txoznan edota aldez aurretik, festak baino bi egun lehenago ere bai. Zapiak ere eskuragarri jarriko ditugu, laugarren urtez. 3 eurotan izango ditugu salgai. Kamiseta edota zapia jantzita, jendea anima dadila gurekin, festekin bat egin edo murgiltzera. Bide batez, eskerrak eman nahi genizkieke laguntzaile guztiei; batez ere, Ibai Ondo elkarteari edota Santuenea Kultur Elkarteko gurasoei, umeen ekimenak antolatzeagatik. Gazteak anima daitezela, auzokideak etor daitezela. Nahi duen oro etorri eta jai batzordekook esku zabalik hartuko ditugu.