Santueneko jaiak

"Gure kabuz hasi ginen, euskal tradizioa auzoan ikusarazteko"

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 19a, 11:04

Galbidean den ohiturari eusten dihardute Jon Mikel Larrañagak eta Jon Alkortak. Festa girora plazaratzeko gonbita egingo deite santuenearrei, azken urteon antzera, igandeko esnadeian. "Usurbilgo auzo bakarrenetakoa izango da esnadeia duena", adierazi digutenez. Igande goizeko 9:00etan jaietako azken eguna esnatzera irtengo dira lerrootako bi protagonistak.

Zer plan duzue irailaren 22ko goiz horretan Santuenean?
Jon Alkorta: Urtero egiten dugun moduan, igandean esnadeia joko dugu Santueneko festetan bakarrik. Beste auzoetan ez dugu jotzen, ekitaldi bereziren batean ez bada. 

Zenbat urte daramazue?
Jon Mikel Larrañaga: Auzokoa naizenez, ideia hori bururatu zitzaidan. Gure ekimenez hasi ginen, euskal tradizioa pixka bat auzoan ikusarazteko. Duela bi urte jaien egitarauan sartu gintuzten. Goizeko 9:00etan elkartzen gara eta auzoan zehar ordubeteko itzulia egiten dugu. 
J.A.: Gero, hamaiketakoa Ibai Ondo-n, hori derrigorrezkoa da.

Nola bizi duzue festen esnatzen une hori? Biok bakarrik egingo duzue bira hori noski?
J.A.: Oso jende gutxi topatzen dugu kalean, batzuk esnatuko ditugu, beste batzuk esna egoten dira. Gutxigatik ez dugu kointziditzen gaupaseroekin. 
J.M.L.: Balkoietara ateratzen zaizkigu eta eskertzen dute.
J.A.: Eskertzen dute, urte askotan egon baitira txistularirik gabe.

Bakarrik joateak musika lasaiago plazaratzeko aukera ematen du? 
J.A.: Uste dugu egin behar dugun gauza bat dela. Bi bakarrik gara, ez gara txistulari talde handi bat. Gu pozik ibiltzen gara, gustura. 
J.M.L.: Bakarrik oso gustura joaten naiz. Amateurrak gara, ez dugu inongo bikaintasunik bilatzen, besterik gabe, auzoa alaitzea. Usurbilgo auzo bakarrenetakoa izango da esnadeia duena. Tradizioari jarraipena emateak harrotasun pixka bat ematen du. Garai batean, esnadeiak izaten ziren herri guztietan, txistuak protagonismo gehiago izaten zuen festetan. Txistuari protagonismo pixka bat ematea ere gustura hartzen dugu.

Nola bideratzen duzue musika instrumentuen banaketa?
J.A.: Biok jotzen dugu, nik danbolina eta txistua batera, Jonek txistua. Askotan bigarren ahotsa egiten du, nik lehenengoa. 

Musika instrumentu horiekin noiz hasi zineten harremantzen?
J.A.: Ni hamar urterekin hasi nintzen Donostiako Kontserbatorioan, txistua ikasten. Gero, laster hasi nintzen jotzen Antiguako txistulari taldearekin eta Egiako Aitor ikastolako txistulari taldean ere. Jotzen genuen kalean, auzoko festetan Donostian. Gero, urte asko egon naiz jo gabe eta duela 16 urte edo elkartu nintzen Jonekin eta Usurbilen hainbat ekitaldietan parte hartu izan dugu.
J.M.L.: Omenaldietan espezializatu gara. Aurreskujolariak garela diogu, txistulariak baino. Ez nago eskolatua musikan. OHOn ikasi nuen txistuarekin eta gero Zarauzko Arrano elkarteko txistulari bandan trebatu nintzen. Gero Jonek irakatsi dizkit gauza asko. 

Herriko hainbat ekitaldietan parte hartu izan duzue. Une berezi baten baino gehiagoren lekukoak izango zineten?
J.M.L.: Normalean jo izan dugu Ezker Abertzalearen ekitaldietan baina baita beste omenaldi batzuetan ere, urrezko eztei batzuetan, Usurbil 1936 elkartearen ekitaldietan, ongi etorrietan... 
J.A.:  Kalejira ezagunak jotzen ditugu. 

Bakoitzak zuen kontutik entsegatzen duzue?
J.A.: Normalean emanaldi eguna baino lehen entsegu pare bat egiten ditugu. Baina jotzen ditugun piezak aurretik ezagunak dira.
J.M.L.: Aspalditik sortutako kantuen koadernotxo bat dugu. 

Santueneko kalejira bezalako ekitaldietara mugatzen da musikarekin duzuen hartuemana edo urtean zehar bestelako loturarik baduzue? 
J.A.: Musikarekin lotura gutxi, etxean entseatu edo ekitaldiren batean jotzean soilik. Beste instrumentu batzuk saltseatzen ibiltzen gara ere, kitarrarekin adibidez.
J.M.L.: Iaz, ukelelea jotzeko ikastaroan apuntatu nintzen. Solfeo urte bat ere egin nuen Zumarten.  

Musikak zer eman dizue orain arteko ibilbidean?
J.A.:  Musika niretzat ezinbestekoa da bizitzan, beti musika entzuten nabil. Musika beharrezkoa da niretzat eta txistua bereziki euskal kulturan sartuta dago betidanik eta horrek ere ematen digu beste poz bat, instrumentu hau jotzeko.
J.M.L.: Niri lagun bat ekarri dit. Elkar ezagutu ginen omenaldi batean, bertan parte hartzeko deitu zigutenean. Lasaitu ederra hartu nuen, bakarrik jotzeak estura pixka bat ematen zidan. Jon bezalako jakitun bat ondoan izateak asko lasaitzen nau. Lagun bat ekartzeaz gain, gozagarria da musika. 

Mugimenduan eta etenik gabe instrumentuak jotzen ariko zarete esnadeian. Erresistentzia berezia behar al da halako uneetan?
J.A.: Txistua jotzeko kalean eta oinez zoazela, birika onak behar dira eta emanaldi unean nabari da. Geldirik edo oinez jotzea ez da berdina.

Esan duzuen moduan, auzo bakarretakoa da Santuenea jaietako esnadeiari eusten diona. Iraganean ohikoak ziren. Nola bizi duzue gainbehera hau?
J.A.: Orain, txistulari gutxi dago gazteen artean. Nahiago dute kitarra elektrikoa jo adibidez, normala iruditzen zait. Garai batean txistulari gazte gehiago zeudela iruditzen zait. Festa guztietan jotzen zen eta esnadeia ere auzo guztietan ospatzen zela esango nuke. Gehiago jotzen zen talde handietan.
J.M.L.: Txikitako Usurbilgo jaietako esnadeia dut gogoan. Amaren etxea zena herri erdigunean zegoen. Handik entzuten nuen. Txistulariak ere buruhandiekin gogoratzen ditut. Garai batean protagonismo askoz handiagoa zuten festetan. Gaztetxo eta helduen artean, talde jendetsua izaten zen. Egun, 18 urte daramat Udarregi ikastolan lanean. Txistua ikasi duen ikasle bakar batez oroitzen naiz soilik.

Zuen kasuan segitzeko asmotan? 
J.A.: Guk jarraitzeko asmoa dugu osasuntsu garen artean eta jendea ez bada asko kexatzen.
J.M.L.: Bai, noski. Jaien egitarauan egonda, arrazoi gehiagorekin segiko dugu. Garai bateko ohitura ezagutarazi eta ohitura hori berpizteak harrotasun puntua ematen du.