Santueneko jaiak 2024

Jon & Jon-ek esnatu dute lo gutxi egin duen Santuenea

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 22a, 11:30

Esnatu da ia lorik egin ez duen Santuenea. Festen azken eguna esnatzen aritu dira ondoko irudiotako protagonistak; Jon & Jon. Goizeko 9:00etan hasita ordubeteko kalejira egin dute, zati batean gainera bidelagunekin. Auzoko festen azken eguna abiarazi dute.

Esnatu da Santuenea, bart gaueko parranda girotik, lotarako tarte handirik egon ez arren. Izan ere, azken gautxoriak etxeratu berritan irten dira Jon Alkorta eta Jon Mikel Larrañaga herrikideak auzoa azken festa egunerako esnatzera.

Goizeko 9:00etan abiatu dute auzoan barrena egindako bira. Doinu ezagunekin girotu dituzte Santueneko kaleak. Festa girora plazaratzeko gonbita egin diete bizilagunei. Bidelagunik ere ez zaie falta izan tarteren batean. Merezitako hamaiketakoarekin borobildu dute goiza. 


Santueneko jaiak
Irailak 22, igandea
11:00 Umeen jolasak.
11:00 Toka txapelketa.
12:00 Hamaiketakoa txosnan.
12:00 Zanpantzarrak.
14:00 Auzo bazkaria. Ondoren, bingoa.
(Entsalada, oilasko errea, postrea eta edaria. Tiketak Zaharren Egoitzan, Tragoxkan eta Artzabalen.)
18:00 Buruhandiak.
18:30 Etxebarria aita-seme trikitilariak.
19:00 Piper dastaketa.
20:45 Sari banaketa.
21:00 Festen amaierako traka.

Antolatzailea: Santueneako Jai Batzordea