Udan plazaratu zuten deialdia. Santuenea Kultur Elkartea aurrerantzean izango duen irudi bila hasi zen. Horretarako, lehiaketa irekia antolatu zuen, nahi zuenak logo bat proposa zezan. Iraila hasierara arte zabaldutako epealdiaren baitan, zazpi sortze lan aurkeztu zirela jakinarazi zuten deitzaileek bart, auzoko festen amaieran.
Zazpi lan haiek baloratzeko auzoan bertan osaturiko epaimahaiak lau irudi hautatu ditu. Lau finalistak nortzuk ziren atzo berri eman zuten, azken traka aurreko ekitaldian. Haietatik zein izango den txapelduna epaimahai profesional batek erabakiko du egunotan. Datozen egunotan ezagutaraziko dituzte, honenbestez, zein eta norena izango den aurrerantzean Santuenea Kultur Elkarteak izango duen irudia.
Momentuz, deialdira aurkezturiko zazpi lanetatik egile hauenak igaro dira finalera. Lau egileak, lau sortzaileak, gainera, auzokideak dira. Hauexek:
-Txaro Utrera.
-Sonia Pujol.
-Xabier Ibarra.
-Inma Arroyo.
Lau finalista hauetatik hiru dituzue goiko argazkian.
Opari eta sari banaketa
Auzoko aipatu kultur elkartearen irudi lehiaketako finalistak nortzuk diren ezagutarazteaz gain, opariak eta sariak ere banatzeko baliatu zituzten festak agurtu aurreko azken minutuak. Batetik, asteburuan zehar ikusgai jarri zituzten marrazkien egileei, gaztetxoenei oroigarri bana eman zieten. Bestalde, urdaiazpiko eder bat ere zozketatu zuten. Ondoko irudian duzue saritua.