Asfaltatze lanen hasiera Santuenean

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 25a, 09:52

Irudia: Usurbilgo Udala.

Etenik gabe gaurtik aurrera bideratuko dituzten hainbat herri lanen berri eman du Usurbilgo Udalak.

Hainbat herri lan abiarazi ditu Usurbilgo Udalak eta horien berri eman du egunotan. Batetik, asfaltatze lan hainbat egingo ditu asteotan, asteazken honetan, irailaren 25ean, hasita. Lanok Santuenea izango dute abiapuntu. Aste hasieran ekin zioten prestaketa lanei udal brigadak. Egunotan, festak bizi izan berri dituzten auzoan, "atarien arteko hartxintxarrezko aparkaleku guztiak asfaltatuko dira: 15, guztira. Prestaketa lanak eta asfaltatzea kontuan izanda, lauzpabost eguneko lana izango da, betiere, eguraldiaren arabera. Lanak egin bitartean ezingo da leku horietan aparkatu egunean zehar; gauez, bai. Horrez gain, eskubaloi pistan ere ate bat zabalduko dute, behin-behinean aparkaleku gisa erabili ahal izateko".

Santueneko lanak amaitu ostean, izaera ezberdineko halako lan gehiago egingo ditu etenik gabe, Udalak herriko hainbat lekutan. Batetik, "hiru zebra bide altxatuko dira: Zumartegi industrialdearen sarreran, Errekatxiki kalean eta Pikaolan. Lehenengo biak Arburu-Tellendegi herri bidea bukatu ostean egingo dituzte. Pikaolakoa, berriz, Iartzako eta Usaskuko petatxu lanekin batera egingo da".

Horrekin batera, "Iartzaz eta Usaskuz gain, petatxuak jarriko dira, baita ere, Kale Nagusian eta Mercadona supermerkatuaren atzeko bidean". Azkenik, "Irutasun kalean aparkalekuetako zuloak konpontzeaz gain, udaletxeko sarbidearen irisgarritasun baldintzak hobetuko dira".