Azken urteotako joera berretsi da beste behin. Gau eta egun, auzotar nahiz bisitarien mugimendua etengabekoa izan zen asteburuan Santueneko festetan. Iragan ostiraleko txupinazo eta globo gerratik hasi eta igande iluntzeko trakara arte parte hartze ederra sustatu dute jaiok. Agurrera arte, gainera, ia erabat ateri eutsi zion eta auzoko bi plazen nahiz frontoiaren bueltan jendetza batu zen irailaren 20tik 22ra. Denetarik eta denentzat izan da zer egina; txikienentzat puzgarriak, apar festa, tailerrak, buruhandiak...
Helduenentzat toka edota mus txapelketak. Gazte mordoa erakarri zituen DJ gauak. Bisitarien nahiz auzotarren bilgune izan dira jaiok. Argi utzi zuen, besteak beste, Santueneko belaunaldi ezberdinak erakarri zituen bazkariak. Belaunaldien arteko topaketa etengabekoa izan da jai hauetan hainbat uneetan; elikagai ezberdinen dastaketan esaterako edota adin tarte ezberdinei zuzenduriko ekitaldiek jaietako plaza partekatu izan dutenean. Denen artean, auzoa egiten dihardutenaren seinale.
Irailaren 20tik 22ra Santuenean izandako jaiak iruditan batu ditugu, "Santueneko jaiak 2024" kanalean. Atari honetan, noaua.eus/bereziak helbidean ikus dezakezue bilduma osoa. Helbide berean baita uda hasieratik ospatu diren gainerako jaietako irudiak ere.