Santueneko bertso-afarirako txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 1a, 09:49

Urriaren 20an Ibai-Ondo elkartean egingo den bertso-afaritarako txartelak salgai jarri ditu antolakuntzak.



Festak ospatu berri dituzten Santuenean izango da ospakizun gehiago ere udazken honetan. Izan ere, Santuenea Kultur Elkarteak bertso afaria antolatu du urriaren 19an iluntzeko 20:30etan Ibai-Ondo elkartean. Maialen Lujanbio eta Uxue Fernandez zein Unai Muñoa herrikideek parte hartuko dute hitzorduan. Onintza Gartzia ariko da gai-jartzaile lanetan. Afariko menua honako hau izango da: txistorra, bakailaoa saltsan, saiheskia, gazta, irasagarra eta intxaurrak, kafea eta kopa. Bertso-afaritarako txartelak salgai dituzte jada 30 eurotan, Santueneko Gure Elkartea jubilatu elkarteko tabernan.

Santuenea K.E.-ren irudi lehiaketa
Udan plazaratu zuten deialdia. Santuenea Kultur Elkartea aurrerantzean izango duen irudi bila hasi zen. Horretarako, lehiaketa irekia antolatu zuen, nahi zuenak logo bat proposa zezan. Iraila hasierara arte zabaldutako epealdiaren baitan, zazpi sortze lan aurkeztu zirela jakinarazi zuten deitzaileek auzoko festen amaieran.

Zazpi lan haiek baloratzeko auzoan bertan osaturiko epaimahaiak lau irudi hautatu ditu. Lau finalistak nortzuk ziren irailaren 22an berri eman zuten, azken traka aurreko ekitaldian. Haietatik zein izango den txapelduna epaimahai profesional batek erabakiko du egunotan. Datozen egunotan ezagutaraziko dituzte, honenbestez, zein eta norena izango den aurrerantzean Santuenea Kultur Elkarteak izango duen irudia. 

Momentuz, deialdira aurkezturiko zazpi lanetatik egile hauenak igaro dira finalera. Lau egileak, lau sortzaileak, gainera, auzokideak dira. Hauexek:
-Txaro Utrera.
-Sonia Pujol.
-Xabier Ibarra.
-Inma Arroyo.

Lau finalista hauetatik hiru dituzue beheko argazkian.