Bertso-afaria larunbatean Santuenean

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 09:08

Santuenea K.E.-k larunbaterako urriaren 19rako antolaturiko bertso-afaritarako txartelak eskuragarri dituzue.



Festen ostean, Santuenean izango da ospakizun gehiago ere udazken honetan. Izan ere, Santuenea Kultur Elkarteak bertso afaria antolatu du urriaren 19an iluntzeko 20:30etan Ibai-Ondo elkartean. Maialen Lujanbio eta Uxue Fernandez zein Unai Muñoa herrikideek parte hartuko dute hitzorduan. Onintza Gartzia ariko da gai-jartzaile lanetan.

Afariko menua honako hau izango da: txistorra, bakailaoa saltsan, saiheskia, gazta, irasagarra eta intxaurrak, kafea eta kopa. Bertso-afaritarako txartelak salgai dituzte jada 30 eurotan, Santueneko Gure Elkartea jubilatu elkarteko tabernan edo 617 701 173 telefono zenbakian.


Bertso ibilaldia
Bitan izango dugu gure artean Maialen Lujanbio; Santueneko bertso-afarian urriaren 19an, eta, biharamunean, Alkartasuna kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak eragile gehiagorekin lankidetzan antolaturiko Sagar eta Sagardoaren Kultura zikloaren baitan.

Izan ere, bertso ibilaldia iragarri dute hilaren 20rako sagastietan barrena, Lujanbiorekin berarekin eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Jakoba Errekondorekin. Errekondok azalpenak emango ditu, Lujanbio eta Egaña bertsotan ariko dira. Goizeko 10:00etan abiatuko dute ibilaldia Aginagako frontoitik.