Bertso-afaria Santuenean

"Elkarteari eta auzoari bizitasun pixka bat eman nahi diogu"

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 17a, 10:16

Berrobin jaioa, Lasarten hazi eta hezi zen baina duela urte batzuetatik hona Usurbilen bizi da. Udarregi ikastolan eta Aginagako Eskolan aritzen da bertso irakasle. Plazetan ere badabil. Urriaren 19an, Santueneko Ibai Ondo elkarteak antolatu duen bertso-afarian abestuko du.



Etxetik datorkizu bertsozaleta
suna, eta zaletasuna ogibide bilakatu duzula esan daiteke,
ezta?
Hala da, bai. Urteak daramatzazu bertso irakasle gisa, Udarregi ikastolan. Gipuzkoako Bertsozale Elkartean egiten dut lan eta eskolaz eskola ibiltzen naiz bertsolaritzako saioak ematen. Lasarte-Orian, Hernanin, Andoainen, Usurbilen... eta Aginagan ere bai. Zubietan ere ari gara, baina hara beste irakasle bat joaten da.

Beraz, Aginagako Eskolan ere aritzen zara bertsolaritza irakasten?
Ni aurten hasi naiz bertan lanean baina aurretik beste irakasle bat ibili da Aginagan. 15 bat irakasle gara guztira Gipuzkoa osoan, eta beharren arabera banatzen ditugu lanak. Aurten, besteak beste, Aginagan eta Usurbilen ari naiz. Esan duzun moduan, nire aita bertsolaria zen eta nik etxetik jaso dut zaletasuna. Bizitza osoa egon naiz mundu honetan murgildua.
Lan munduan hasi nintzenean, bestelako ofizio batzuetan aritu nintzen (harakin, sukaldari, tabernari) eta duela 20 bat urte hasi nintzen Gipuzkoako Bertsozale Elkartean bertso irakasle gisa lanean. Hezkuntza arautuaren baitan proiektu bat garatzen dugu, ahozkotasunaren inguruko egitasmo bat, euskara ikasgaiaren barruan sartzen dena.

Gaztetxoekin aritzeko zera berezia behar dela diote batzuk. Ez dela lan erraza. Eman bezainbeste jasotzen duzula esaten dute beste batzuk. Zein egoerarekin identifikatzen zara gehien?
Bigarrenarekin. Niri umeek asko eman didate azken 20 urteotan. Egia da adinean gora zoazen heinean, ez duzula garai bateko energia. Nire ikasleak 5. eta 6. mailakoak dira beti, baina ni adinean gora noa eta hori nabaritzen da, umeen energia beste bat delako. Hala ere, asko ikasten dut beraiekin. Gainera, oso lotuta nago psikologia mundura, eta umeekin aritzeak asko lagundu dit nire buruaren lanketa propioa egiteko garaian. Nire gabeziak, nire beharrak zeintzuk diren landu izanak asko lagundu dit umeak hobeto ulertzeko orduan.

Gustuko lana duzu.
Bai. Feeling berezia sentitzen dut umeekin. Ez dut magisteritza ikasi, orain ari naiz psikologia ikasketak amaitzen. Aurten bukatuko dut karrera, baina bertso irakasle gisa hasi nintzenean konturatu nintzen banuela umeekiko bokazio puntu bat.

Lasartearra zara baina dagoeneko hainbat urte egin dituzu Usurbilen bizitzen. Usurbildartua zaudela esan daiteke. Ogibideak ekarri zintuen hona?
Alokairuaren prezioa izan zen hona etortzeko arrazoi nagusia. Jaio, Berrobin jaio nintzen. 5 urterekin amak arraindegi bat zabaldu zuen Lasarte-Orian eta hara joan ginen bizitzera. Baina hazi eta hezi Lasarten egin naiz. Alokairu kontu batengatik, Usurbilgo etxe duin batera etortzeko aukera suertatu zitzaidan eta horrek ekarri ninduen hona. Lasartetik gertu nago gainera.

Eta Usurbil eta Lasarte-Oriaren artean, Santuenea duzu erdibidean. Urriaren 19an Santuenean abestuko duzu, Ibai Ondo elkartean. Ze itxura hartzen diozu?
Ilusioa daukat. Maialen Lujanbio asko estimatzen dut eta Uxue Fernandez gutxiago ezagutzen dut baina badut biekin batera kantatzeko ilusioa. Gainera, ni Ibai Ondo elkarteko bazkide naiz eta hori ere bada niretzat berezia. Elkarteari eta auzoari bizitasun pixka bat eman nahi diogu. Ea jendeak erantzuten duen eta aforo interesante bat osatzen dugun denon artean. Bertsotan aritzeko gogoa dut, errespetua ere bai. Badakizu, bere herrian inor ez omen da profeta.

Auzoaren bihotzean da Ibai Ondo elkartea. Urriaren 19koa ekimen gehiagoren abiapuntu izango da?
Asmo hori dugu. Bertso-saioa Santuenea Kultur Elkartearekin batera antolatu dugu eta era honetan auzoarekin konektatu nahi dugu Ibai Ondo gastronomia elkartea. Auzo izaera hori indartu nahi dugu. Berez badu: barrikoteak antolatzen dira, festetan inplikatzen gara.... Bertso-afariarena ez dadila gauza isolatu bat izan.

Maialen Lujanbiorekin inoiz edo behin abestuko zenuen, baina Uxue Fernandezekin akaso lehenengo saioa izango duzu hauxe, ezta?
Egia esan, bitxia da ze parekotasun handiagoak izan ditzaket Uxuerekin. Adina, maila... Baina egia da gehiagotan abestu dudala Maialenekin. Lasarte-Orian, bereziki. Uxuerekin behin edo behin aritu naiz.


"Hasi nintzenetik, lehen aldia da txapelketan parte hartzen ez dudana"
Txapelketa eta sariketa ugaritan parte hartu badu ere, bertso-afarien formatuan sentitzen da ondoen. "Askoz erosoago sentitzen naiz horrelako espazioetan".

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa azken txanpan murgildu da. Laster hasiko dira final laurdenak. Oraingoan ordea, ez duzu izenik eman. Zer dela eta?
Unai Muñoa: 18 urterekin eman nuen izena lehen aldiz txapelketan eta geroztik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa guztietara aurkeztu naiz. Duela lau urtekoan, Euskal Herriko Txapelketan abesteko txartela eskuratu nuen baina ezezkoa eman nuen azken unean, eta hor erabaki nuen txapelketa guztiak bertan behera uztea. Eta horregatik, aurten da lehenengo Gipuzkoako
Txapelketan parte hartzen ez dudana.

Saioen nondik norakoak gertutik jarraitzen ari al zara?
Bai baina distantzia batekin. Bertsozale Elkarteko langile naizenez, lanera joatea tokatzen zait eta jarraitu, jarraitzen dut baina beste modu batean eta beste distantzia batetik. Nire ibilbidean, txapelketek espazio garrantzitsu bat bete izan dute. Txapelketen inguruan lagunarte bat elkartzen ginen Lasarte-Orian. Bertako Bertso Eskolarekin ere oso lotuta egon naiz urte askotan, eta hor harreman estuak egin ditugu. Beraz, txapelketak konnotazio ugari ditu niretzat.

Txapelketez harago, bada bertsotan aritzeko modurik. Kultur etxe edo frontoietako saioak, festetan jai-giroan antolatzen direnak, bertso-afariak... Aukeran, zein da gustukoen duzuna?
Bertso-afariak, bertso-bazkariak, bertso-poteoak... Horiek dira nire saio gogokoenak, informalitate baten barruan sartzen direnak. Askoz erosoago sentitzen naiz horrelako espazioetan. Bertsoa ulertzeko modu horrekin gehiago identifikatzen naiz.