Herri egitasmoak bideratzen segitzeko ezinbestekoak diren udal aurrekontu proposamena diseinatua du udal gobernu taldeak hurrengo urterako, 2025erako. Astearte honetan, urriaren 29an hasi da aurkezten. Lehen bi bilerak egin ditu tokian tokiko herritar eta eragileekin Kalezarren eta albiste honi atxikia duzuen argazkian ikus dezakezuen moduan, Aginagan. Kalezarren, Pelaioenean iragarria zuten saioa, Aginagan Eliza Zaharra Elkargunean.
Hitzorduok datorren urteko aurrekontu proposamena aurkeztu eta bileretara bertaraturikoen ekarpenak biltzeaz gain, tokian tokiko hainbat gai jorratzeko ere baliatu nahi dute. Hala izan da lehen bileretan. Kalezarkoa, Belmonte kalearen trafikoaren gaiari heltzeko baliatu nahi zuten; Aginagakoa, aldiz, Eliza Zaharraz, alaguneaz eta semaforoez hitz egiteko.
Udal gobernu taldeak guztira bederatzi aurkezpen saio antolatu ditu atzo hasi eta azaroaren 12ra bitartean Usurbilgo herri eta auzoetan. Hurrengo hitzorduak gaur, urriaren 30erako deituak daude. Santuenean eta Munalurran izango dira bilera hauek. Santuenekoan, auzoko sarreraren berrantolaketa eta autobus geltokia hartuko dituzte ahotan. Erronda honen ondoren, eta okerrik ez bada, udal aurrekontuak hasieraz onartuko dira azaroko osoko bilkuran. Hala, abenduan jendaurrean izan, eta 2025 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen. Herri-auzoetako bilerekin batera, oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko.
2025eko udal aurrekontuen aurkezpenak
Urriak 30, asteazkena
18:00 Santueneko bilera frontoiko lokalean. Gaiak: auzoko sarreraren berrantolaketa eta autobus geltokia.
18:00 Munalurrako bilera Eguzki elkartean.
Azaroak 5, asteartea
18:00 Txokoaldeko bilera Txokoargin. Gaia: Altzonazko zubiaren obra.
18:00 Atxegaldeko bilera Udarregi ikastolako jangelan.
Azaroak 6, asteazkena
18:00 Etxealdiako bilera Potxoenean. Gaiak: igogailua eta irisgarritasun plana.
Azaroak 7, osteguna
18:00 Zubietako bilera Kaxkapen. Gaia: bidegorriaren proiektua.
Azaroak 12, asteartea
18:00 Herri erdiguneko bilera Potxoenean.
Deitzailea: udal gobernu taldea.