Lotune lanak egin nahi dituzte, herritarrei elkartasun ekimen honetan parte hartzeko aukera erraztea, laguntza eskaintzeko aukera gerturatzea. "Sare sozialen bidez zabaldu genuen deialdia eta harrera izugarria izan du", adierazi digute ekimen honen sustatzaileek. Albiste honi atxikitako argazkia ateratzerako unean bigarrenez ari zen betetzen elkartasunez, auzoko frontoi ondoko lokala. Izan ere, astelehen goizean, furgoneta bete artikulu garraiatu zuten Donostiako Reale Arenan kokaturiko bilketa puntuetako batera.
Bertaratzen ari direnen eskuzabaltasuna nabarmendu eta eskertu dute. "Karro beteak ekarri dituzte. Denetarik; arropa eta manta berriak... Norberak ahal duen neurrian, ekarpen handia egin du". Denetariko produktuak ikusi ditugu; elikagaiak, garbitasun produktuak, arropa...
Laguntza errazteko
Aurreko astean, Valentziako hondamendia gertatu eta gutxira, Donostiako bilketa puntu batera joanda bururatu zitzaien "bizitzen ari diren infernua ikusita" elkartasun ekimen hau abiaraztea. Santueneko lagun talde batek iaz egindako bazkari batetik soberan zuten dirua Valentziako bizilagunei laguntzeko erosketak egin eta horiek Anoetako bilketa puntura bideratu zituzten. "Harrituta geratu ginen jendearen joan-etorriekin. Laguntzeko gogoa du jendeak". Halere, jabetu ziren askok ez zutela izango gune hauetara joateko aukera edo modua. Horregatik "bururatu zitzaigun, zergatik ez, auzo mailan bilketa hau egitea". Zubi-lana egitea, auzoaren eta Gipuzkoa mailako bilketa puntu nagusien artean. Sare sozialen bidez zabaldu zuten deialdiak haien aurreikuspenak gainditzen ari da. Auzoak soilik ez, herritik ere ekarpen handia egiten ari da.
Igandean hasi ziren bilketa lanekin. Asteartera honetara arte egongo dira elkartasun ekimen hau bideratzen. Hasiera batean bazuten deialdi hau aste osora luzatzeko asmoa. Baina bilketa puntu handiago hainbatetan ere jaso den elkartasun itzela Valentziara eramatea da orain asmoa. Momentuz, beraz, bere horretan gaur amaitutzat emango dute bilketa kanpaina hau Santuenean.
Bilketarako gaiak
Astearte honetan ere, azaroaren 5ean, goizez 12:00-13:30 artean eta arratsaldez 17:30-19:00 artean, Santueneko frontoi ondoko lokalean egongo dira elkartasuna biltzen.
Galkorrak ez diren elikagaiak eta oinarrizko produktuak biltzen ari dira: ura, esnea, haurrentzako esnea eta elikagaiak, garbitasun produktuak (komuneko papera, konpresak, bainurako gela, xanpua...), fardelak eta toallatxoak, kontserbak (barazkiak, lekak, arraina, haragia, kontserban prestaturiko jakiak), animalientzako elikagaiak, arropa, mantak, oinetakoak...
Santuenea Kultur Elkartea ari da bideratzen laguntza hau guztia, Gipuzkoan egiten ari diren bilketarako bitartekari lana egitea dute helburu, herritarrei deialdi honetan parte hartzeko erraztasunak eskaintzea. Santuenea Kultur Elkarteak egunotan jasotakoa Donostiako Reale Arenako bilgunean kokaturiko bilketa gunera eramango dute.