Valentziako kaltetuentzako esku bete elkartasun Santueneatik

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 5a, 08:57

Santuenea Kultur Elkarteak astearte arratsalde honetan amaitutzat eman du momentuz, igandean hasitako laguntza bilketa.

Joan-etorri ugari izan da azken orduotan ere Santuenean. Arropa, elikagaiak, garbiketarako produktuak... Oinarrizko denetariko gaiak eskuartean hurbildu dira auzotik nahiz herritik joandako hainbat eta hainbat herrikide. Denek helburu bera zuten; duela astebeteko sarraskiaren ondotik, behar larrian diren valentziarrak laguntzea.

Horretarako, aurrez sare sozialen bidez eginiko deialdiari jarraiki, Santuenea Kultur Elkarteko kideak igande goizaz geroztik auzoko frontoiaren ondoko lokalean aritu dira laguntza biltzen. Astelehen goizerako furgoneta bete laguntza eraman zuten Donostiako Anoetako Reale Arenan kokaturiko bilketa gunera. Izan ere Santueneko boluntario taldea bitartekari lana egiten aritu da egunotan. Valentziarrak lagundu nahi zuten orori ekarpenak egitea erraztea zuten helburu. Laguntzeko aukera auzora bertara hurbildu nahi zuten, jakinik batek baino gehiagok ezingo zutela joan Gipuzkoako beste txoko batzuetara.

Auzokideen ekarpenak biltzea espero zuten horregatik, baina aurreikuspenak gainditu dituzte. Udalerri osotik hainbat eta hainbat herrikide joan dira eskuak bete elkartasun Santueneko frontoi ondoko lokalera haien ekarpen solidarioa egitera. Aipatu moduan, igande, astelehen eta astearte honetan aritu dira laguntza biltzen, goiz eta arratsaldez. Tarte horretan, astelehenean hustu zuten frontoi ondoko lokala eta Reale Arenara garraiatu zuten ordura arte jasotakoa. Ikusi, ordutik, astearte iluntzera arte bildu duten laguntza. Gaur arratsaldeko 19:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirela ateratako argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Bigarrenez, auzoko lokala Valentziarako usurbildarren eskuzabaltasun eta elkartasunez bete zaie.

Amaitu dute
Astearte iluntze honetan amaitutzat eman dute momentuz elkartasun bilketa ekimen hau. Izan ere, laguntza biltzen aritu diren Reale Arenako bilketa puntua itxi dute jada, bertan bildutakoa Valentziara helarazteko.

Aurreikuspenak gainditu dituzte eta bildutakoa Valentziara eramatea egokitzen da orain. Gipuzkoan hainbat lekutan bilketa solidarioak segitzen du. Halere,  garraio lanetan inork lagundu nahiko balu, Santuenea Kultur Elkarteko kideekin hartuemanetan jartzeko honako telefono zenbaki honetara dei dezake: 621 09 56 44.