"Eskerrik asko berriro ere, zuen inplikazio eta laguntzagatik!"

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 6a, 13:07

Santuenea Kultur Elkartetik esker ona adierazi nahi izan diete, Valentziako hondamendian kalteturikoentzat egunotan bideraturiko elkartasun ekimenean parte hartu dutenei.

"Eskerrik asko!". Hizki larriz idatzitako hitz horiekin biziki eskertu nahi du Santuenea Kultur Elkarteak igandeaz geroztik astearte iluntzera arte abian izan duen elkartasun ekimenak izandako harrera. Gogoan izan, duela astebetetik Valentziak bizi duen hondamendi egoeran kaltetutakoak laguntzeko oinarrizko gaien bilketari ekin zioten azaroaren 3an. Ekimena abiarazi orduko, sare sozialen bidez zabaldu zuten unetik bertatik jendetza hurbildu zaie auzoko frontoi ondoko lokalean egokitu zuten bilketa gunera.

Bertan jasotakoa, gero, Donostiako Reale Arenan kokatua izan duten laguntza jasotzeko eremura bideratu asmo zuten. Izan ere, horixe zen auzo elkarte horren asmoa; lagundu nahi zuenari, bere ekarpena egitea erraztea, elkartasun ekimen horrekin bat egiteko aukera auzora gerturatzea. Bistan denez, aurreikuspenak gainditu dituzte eta herri osotik jaso dute egunotan Valentziako kaltetuentzako laguntza. Denetarik bildu dute; elikagaiak, arropa, garbitasuneko produktuak...

Elkartasuna gainezka
Bart berri eman genizuen moduan, astearte iluntze honetan amaitu dute momentuz, elkartasun kanpaina hau. Deialdiak izan duen harreraren aurrean, eskerrak helarazi dizkiete bat egin duten guztiei. "Santuenea Kultur Elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu adierazitako elkartasunagatik, Valentzian eta Albaceten goi depresioak kaltetutakoentzako elikagaiak eta hornigaiak biltzeko egindako deiaren erantzunagatik".

Argi adierazi dutenez, "ikaragarria izan da!". Hainbesterainokoa, gainezka egin diela egoerak. Hau Santuenean gertatu da, baina beste hainbat bilketa txokoetan; txikizioa eragindako duela astebeteko uholdearen ostean, elkartasunarena heldu da. "Orain, bilketa gune askok bizi dugun egoeraren berri eman nahi dizuegu. Dena gainezka eginda dago arazo logistikoak tarteko, dakizuen bezala. Valentziako erkidegoa horniduren sarrera kudeatzen ari da", ohartarazi dute Santuenea K.E.-tik.

Testuinguru horretan, elkartetik atzo jakinarazi zuten moduan, igandetik astelehenera jasotako laguntza, aurreikusi moduan, Donostiako Reale Arenara bideratu ahal izan zuten "eta eman diguten informazioaren arabera, Valentziara bidean da edo dagoeneko iritsiko zen".

Aldiz, astelehen arratsaldeaz geroztik astearte iluntzera jasotako laguntza momentuz ez. Baina Santuenea Kultur Elkartetik aditzera eman dutenez, "gainerako elikagai eta horniduretarako, horiek helarazteko modua kudeatzen eta lantzen ari gara. Ahal dugun guztia egingo dugu helburua betetzeko. Ez da berehalako zerbait izango eta konpromisoa hartzen dugu modu batera edo bestera beharra duten tokira iristeko".

Beste behin, eskertza mezu honekin agurtu nahi izan dute Santuenea K.E.-tik NOAUA!ra helarazi duten mezua. "Eskerrik asko, berriro ere, zuen inplikazio eta laguntzagatik!".