Ikusmina eragiten ari da jada auzoan bertan. Badira ibilbidea osatzen ari direnak ere. Inguruotatik kanpo bada parte hartzeko interesa agertu duenik ere. Erraza dirudi, baina nork bere buruarekin egin beharreko kudeaketa lana handia izango da. Osagaiokin, lerrootara dakarkiguna ez da ohiko lasterketa bat. Antolatzaileek egokiagotzat jotzen dute erronka gisa definitzea, datorren apirilaren 12rako eta 13rako prestatzen ari diren proba berria, orain arte antolatu diren lasterketen eredua irauliko duena; "Ibai-Ondo Backyard" izenekoa da. Sustatzaileek eskuartean dituzten datuen arabera, Euskal Herrian ofizialki antolatuko den gisa honetako lehen hitzordua izango da Santuenean egingo dena.
Orduero 6,7 kilometro
Datuok izan gogoan; 6,7 kilometroko ibilbidea eta hirurogei minutu. Izan ere, ordubetean Atallu, Santuenea eta Txokoalde lotuko dituen distantzia horretako ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek ordubete baino lehen. Hala egitea lortzen badute, hurrengo orduan ibilbide bera osatu beharko dute. Horrela segi ahalko dute orduero, nekatu arte edo ordubeteko muga hori gainditu arte. Erronka orduero garaiz betez gero, soberan geratzen diren minutuetan atsedena hartzeko tartea izango dute lasterkariek, hurrengo ordua heldu artean. Izan ere, "orduero emango zaio irteera hurrengo itzuliari". Parte hartzaile bakarra geratzen denean, hark azken itzulia egin beharko du eta horrekin amaituko da ekimena. "Bera izango da erronkaren irabazlea", antolatzaileen esanetan.
Ezin daiteke aurreikusi, beraz, erronka noiz amaituko den. Antolatzaileek lagunartean aurretik Donostian egindako proba modukoan, "azkenak hamalau ordu" egin zituen. Hossegorren (Frantzia) antolatu ohi duten 250 parte hartzaileko proba ofizialean bi egun iraun zituen azken lasterkariak.
"Ez du azkarrenak irabazten"
6,7 kilometro, horixe da "backyard" proba hauen distantzia ofiziala. "AEBtatik dator ekimen hau. Neurri hau milietan kalkulatzen dute", antolatzaileek NOAUA!ri azaldu diotenez. Ugaritzen doaz modalitate honetako erronkak mundu osoan. Azaldu digutenez, berriki "munduko txapelketa jokatu zen. 63 herrialdeek parte hartu zuten. Azkeneko lasterkariak 110 ordu egin zituen; lau egun eta erdi".
Bistan denez, gako garrantzitsua da parte hartzaileentzat ahalik eta modu egokienean kudeatzea ordubete bakoitza. Nork bere buruarekin lehiatzen du, ez gainerakoekin. Norberak erabakitzen du ze erritmotan egin ibilbidea eta soberan geratzen zaion denborarekin ere zer egin. "Ez da dirudien bezain erraza", antolatzaileek gogorarazi dutenez. "Hemen ez du azkarrenak irabazten, zutik gehien irauten duenak baizik". Horregatik, erresistentzia proba gisa definitzen dute.
"Gure erresistentzia ere proban"
Santuenerako duten aurreikuspena da, apirilaren 12an goizeko 8:00etan hasiera ematea probari eta hilaren 13an antolatzaileak, laguntzaileak, parte hartzaileak nahiz ospakizun giroko hitzordu honetara batu nahi dutenak herri bazkari batean elkartu eta horrekin amaiera ematea litzateke. "Ez dakigu 24 ordura helduko den proba edo gu bazkaltzen garen artean oraindik baten bat korrika ibiliko den. Ikusiko dugu". Asmoa bada, probak iraun artean, ekimen girotua izatea. Hau da, "ordu horiek ekintza ezberdinekin osatzea", proba ikustera doazenak ere ospakizun giroan murgil daitezen.
Argi dutena da, momentuz, erronka handia izango dela antolakuntza taldearentzat ere hau dena bideratzea. Ekimenaren erdigunea, Santueneko frontoi estalia izango da, antolaketa lanetarako baliatuko dutena nahiz parte hartzaileek orduero atseden hartzeko gunea ere bertan izango dute. Horrekin batera, Ibai-Ondo elkartea ere ondoan izango dute. Hau dena bideratzeko "boluntario kopuru handi samarra beharko dugula aurreikusten dugu". Horregatik, diotenez, "gure erresistentzia ere proban jarriko dugu". Antolaketa on bat burutu nahi dute eta jarraipena eman etorkizunean apirilean egingo den ekimenari.
Santuenea hautatu dute hitzordu hau antolatzeko eremu gisa, bereziki, beharrezkoa duten frontoiak dituen ezaugarriengatik baita trafiko ez handiko ibilbidea delako diseinatu dutena. Hasiera batean, Aginagako erriberetan sartu nahi zuten, baina garai horretan Txokoaldeko zubia konponketa lanetan izan dezaketenez, Santuenea, Atallu eta Txokoaldera arteko erriberako bidea baliatuko dute probarako. Abiapuntua eta helmuga, auzoko frontoi estalia izango da.
Solidarioa
Elkartasuna izango du ardatz nagusi irabazi asmorik ez duen ekimen honek. Izan ere, bertan jasotako laguntza bi proiektu solidarioetara bideratuko dute; batetik, Kongoko emakumeekin lan egiten duen elkarte batera (mantalak, poltsak... egiten dituzte). Lasterkariei poltsa hauek emango zaizkie. Horrez gain, parte hartzaile bakoitzari janari kopuru bat eskatu asmo diote, gerora Donostiako Caritasen Aterpera helaraziko dutena. Azkenik, antolaketarako behar dutena ahal den heinean, herrian bertan eskuratu nahi dute. "Usurbil izan dadila onuraduna", nahi dute, baita Santuenea bera ere, auzo giroa berpiztuko du eta hitzordu honek.
Babesle bila dabiltza. Dagoeneko enpresa batzuk bat egin dute ekimenarekin, Santueneko Ibai-Ondo elkarteak eta Usurbilgo Udalak ere bai. "Udal laguntza handia dugu", antolatzaileek nabarmendu dutenez. Norbait prest balego, segidan datorren posta elektronikoko helbidera idatzi dezake.
Oihartzun handia
Ikusmina sortzen ari da proba hau Santuenean, herrian eta hemendik kanpo, urrunago ere bai. Lagunartean antolatzen hasitako ekimen honen oihartzuna urrutira heldu da. Probari buruz galdezka ari zaizkie jada. "Estatu espainiarrean itzuli gehien eman dituenak erronka honekiko interesa agertu du", antolatzaileen esanetan. Berarekin batera, "Frantziako norbaitek galdetu du parte hartzeko zer egin behar lukeen". Bestalde, ibilbidea laua izateak ere halako probetan parte hartu ohi dutenak erakar ditzakeela ere jakinarazi diete. Antza, zenbait txapelketetan parte hartzeko "25 orduko erronka bat egina duzula egiaztatu behar duzu". Horregatik, ibilbide hau batzuentzat erakargarria izan daiteke sailkapen proba gisa baliatzeko. Hortik ondorioztatu daitekeen moduan, "auzoko, herriko norbait nahiz atzerrikoak, oso jende ezberdina aurkitu ahal genezake" parte hartzen, datorren udaberriko erronka egunean.