Gabonak ate joka ditugula ondo dakite Santuenean

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 14a, 20:36

Azoka eguna izan dute gaur Santuenean gabonen atarian. Gabon Gauerako hamar egunen faltan gabon giroan sartzen hasi dira auzoan.

Egun hotzak iritsi dira eta Olentzeroren etorrerarako hamar egun baino geratzen ez diren honetan, ohiko gabonetako azoka egin dute Santuenean. Eguraldia ez dute lagun izan oraingoan eta frontoi barruan jarri behar izan dituzte postutxoak.

Herritar ugari ikusi ditugu postuetan, eta denetariko produktu aukera gabon hauetarako opariak egin edota bazkari eta afariak goxatzeko. 16:00etan ireki dute azoka, baina giroa beranduago sortu da auzoan. Lehen familiak bostak aldera hurbildu dira, baina euria geratu eta arnas pixka bat eman duenean hasi da hurbiltzen jendea iluntasunarekin batera. 

Gurasoek produktuak begiratu eta erosi bitartean, haur eta gaztetxoek entretenimentua izan dute tailerretan. Marrazkiak eta gabonetako apaingarriak egiteko aukera izan dute bertaratu diren umeek. Valentzia ere gogoan izan dute bertaratutakoek eta aukera izan dute dirulaguntza bidaltzeko. Eta zer lirate gabonak abestirik gabe? Ondo kontuan izan dute hori antolatzaileek eta Nuria Culla taularatu da azokaren erdian jarri duten oholtzan.

Azkenean, giro ederrean hartu dute Santuenean gabonen etorrera. Gogoratu datozen asteetan ere gabonetako ekintza gehiago aurreikusita dauzkatela Santuenean: San Tomas eguneko ospakizunak, irristaketa ikastaroa eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, besteak beste.