Nabari da ezohiko astelehena dela gaurkoa. Oporraldi betean dira gaztetxoenak eta ekintza ezberdinetan ari dira parte hartzen. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, Santuenean irristaketan aritu dira. Izan ere, Santuenea Kultur Elkarteak antolaturiko hiru eguneko ikastaroari ekin diote gaur goizean.
Negu giro hau tarteko, auzoko frontoiko estalpea hautatu dute trebakuntza saioak abiatzeko. Beharrezko segurtasun eta babes neurri guztiak hartzeko prestaketei behar adina tarte eskaini ostean, irristaketarako gune bilakatu dute denek Santueneko frontoia. Ageriko trebetasuna erakutsi dute guztiek jarduera horretan.
Gaur hasitako ikastaroari segida ematekoak dira abenduaren 27an eta 30ean, gune eta ordutegi berean, 11:00-13:00 artean.
Gabonetako azokarekin eman zien hasiera Santuenea Kultur Elkarteak urte garai honetarako antolaturiko ekimenei. San Tomas eguneko ospakizunarekin eman zioten segida iragan larunbatean. Gaztetxoenentzako irristaketa ikastaroari ekin diote gaur. Bihar, abenduaren 24an, ongi etorri beroa emango diote Olentzerori eta Mari Domingiri.
Hilaren 26an, bestalde, eskulan tailerra antolatu dute haurrentzat:
Santueneko gabonetako ekintzak
Abenduak 24, asteartea
18:00 Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera.
Abenduak 26, osteguna
17:00-19:00 Gabonetako eskulanak haurrentzat Santueneko ludotekan.
Izen-ematea: santueneake@gmail.com / 621 095 644.
Prezioa: 2 euro (bazkideentzat dohainik).
Abenduak 27, 30
11:00-13:00 Irristaketa ikastaroa frontoian eta eskubaloi pistan. Beharrezko materiala: kaskoa, babesgarriak (eskumutur eta ukalondoetarako eta betaurrekoak) eta patinak.
Prezioak: haur eta gaztetxoek 15 euro (Santuenea K.E.-ko bazkideek 5 euro) eta 25 euro 18 urtetik gorakoek (10 euro Santuenea K.E.-ko bazkideek).
Informazio gehiago jasotzeko eta izen-ematea: 621 095 644 /santueneake@gmail.com
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.