Urtarrilaren 22an eta otsailaren 6an egin bezalaxe, astelehen honetan ere itxi egingo dute Santuenea Zubietarekin lotzen duen bide zati bat; Santuenea eta Amiri artekoa hain zuzen. Astelehen gau honetan, 23:00etan itxiko dute bide hau Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez. Astearte goizaldeko 7:00etan irekiko dutela aurreikusi dute.
Bide hau itxita egongo den denbora tartean, "bertako lur-jabeek errepide ondoko zuhaitzak moztu eta aterako dituzte, eta amaitu bezain pronto irekiko dute bidea", ohartarazi dute Udaletik.
Gogoan izan, aurrez Udalak jakinarazia zuen moduan, bertako lur-jabeek baimena eskatua zutela udalean, "errepide ondoko zuhaitzak moztu eta handik ateratzeko".
Lanok gauez egiten dira, "trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko".