Badator Santuenea munduko proba entzutetsu honen mapan kokatuko duen erronka. Hilabeteotan prestatzen joandakoa Euskal Herrian lehenbiziko aldiz ikusi eta bizitzeko aukera izango da aste eta erdi barru Oria ertzeko auzunean. "Ibai-Ondo Backyard" erronkaren estreinako edizioa ospatuko da apirilaren 12ko asteburuan.
Asteazken honetan aurkeztu dituzte xehetasunak antolatzaileek eta laguntzaileek Potxoenean eginiko agerraldian. Hilabeteoan azaldu izan duten moduan, orduero Santuenea, Atallu eta Txokoalde lotuko dituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatzean datza proba berri honek. Nork bere buruarekin lehiatu beharko du. Ordubete horretako erritmoa eta atsedenerako geratuko zaizkion minutuak nola kudeatu parte hartzaile bakoitzak kudeatu beharko du. Izan ere, barne antolaketa hori gakoa izango da ekimen berri honetan. Orduero iritsi behar du abiapuntura, Santueneko frontoira. "Orduero, hurrengo birari irteera emango zaio", ohartarazi dute antolatzaileek.
Hirurogei minutuko tartea gaindituz gero, edo nekatuz gero, orduantxe amaituko du bakoitzak bere parte hartzea. Honenbestez, argi da noiz hasiko den, baina ez noiz amaituko den ekimena. Hasi, apirilaren 12ko goizeko 8:00etan abiatuko da Santueneko frontoitik. Orduero bertan emango zaie irteera bertan egon asmo duten 116 parte hartzaileei. Amaitu, ordea, azken lasterkaria geratu arte ez da bukatuko. Azken horrek, berak bakarrik osatu beharko du azken aldiz, 6,7 kilometroko ibilbidea. Hori noiz gertatuko den ezin da jakin. Antolatzaileetako batek Iñaki Bengoetxeak gaurko prentsaurrekoan iragarri duenez, "lasterkari guztien artean, hamabostek esan digute gutxienez 20-24 orduz parte hartuko dutela". Momentuz, argi dutena da, biharamunerako, apirilaren 13ko eguerdirako herri bazkari bat egingo dutela parte hartzaile eta laguntzaile guztiekin. "Hasiak gaude pentsatzen, bazkalorduan oraindik agian baten bat jo eta ke ariko dela oraindik bueltak ematen", jakinarazi dute gaurko agerraldian.
Itzuli kopurua neurtuko dute
Partaideen ahalegina neurtuko dute baina ez ohiko moduan. Oraingo honetan, ez dute denbora kronometratuko, lasterkari bakoitzak ibilbideari zenbat itzuli emango dizkion baizik. "Helburua ez da denbora, itzuli kopurua", antolatzaileen esanetan. Sailkapenean islatuko da hori. Irabazle bakarra izango du, itzuli gehien egiten dituena. Bi sailkapen osatuko dituzte proba amaieran; emakumezkoena zein gizonezkoena. Bat orokorra izango da, bestea Buruntzaldea mailakoa. Antolatzaileek eskuz eginiko domina jasoko dute opari parte hartzaile guztiek.
Guztira, hasiera batean ehun lagunentzako lekua izatea aurreikusi zuten. 120ra handitu zuten plaza kopurua. Inskripziorako epealdia ireki eta gutxira heldu ziren kopuru horretara. Azken orduan baja batzuk tarteko, 116 izango dira erronka honen lehen edizioan parte hartuko dutenak; 20 emakumezko eta 96 gizonezko, tartean, hamaika herrikide izango dira, gehienak gipuzkoarrak, baina badira baita iberiar penintsulako beste hainbat txokotatik etorriko direnak edota baita frantziar estatutik ere.
Solidarioa
Eskertu nahi izan dituzte hilabeteotan bidelagun izandakoak; hasteko, Usurbilgo Udala, bertatik hasieratik "jaso dugun laguntza ikaragarria izan da", nabarmendu du Bengoetxeak. Eragile guztiak eskertu nahi izan dituzte. "Halako ekimen bat antolatzeko laguntza jaso behar da. Eskerrak babesle guztiei". Baita, noski, boluntario guztiei ere. 50eko taldea osatu dute, probak iraun artean etenik gabe laguntzeko. Haiei batuko zaizkie baita Ibai-Ondo elkarteko kideak ere edota Santuenea Auzo Elkartekoak.
Eta laguntza aipatuta, ekimen honen alderdi solidarioa azpimarratu beharra dago. Izan ere, elkartasuna jaso eta emango du erronka berri horrek. "Erronka antolatu zenean ez zen lasterketa hutsa izatea nahi, alderdi solidarioari ere eman nahi zitzaion garrantzia".
Hala, lasterkariek jasoko dituzten poltsak, egileak elkarte batean bildutako Togoko emakume talde batenak dira. Beraz, poltsa hauen truke laguntza jasoko dute. Horrez gain, parte hartzaile bakoitzari hiru kilo janari ekartzea eskatu diete antolatzaileek Caritas elkartearen Aterpe egitasmorako. Bilketa deialdi hau irekia izango da; hau da, herritar orori deitu diete ekimen honekin bat egitera.
"Gogo askorekin" dira proba eguna heltzeko. Euskal Herri mailan lehenbizikoa izanik, "gauzak ondo atera daitezen saiatuko gara". Asmoa, estreinakoz antolaturiko ekimen honi urtero segida ematea da eta, honenbestez, 2026an ere bueltan izatea "Ibai-Ondo Backyard".
Ibai-Ondo Backyard
Hasiera: apirilak 12, goizeko 8:00etan Santueneko frontoian.
Bukaera: azkeneko lasterkariak eginiko azken itzuliarekin.
Iraupena: itzuli bakoitza egiteko 60 minutuko tartea izango dute parte hartzaileek.
Ibilbidea: 6,7056 kilometro eta 20 metroko desnibela (partaideek orduero osatu beharko dute). Santueneako frontoian hasi eta amaituko da itzuli bakoitza. Bidean, Atallu, Santuenea, eta Txokoalde lotuko ditu erriberako bidetik.
Parte hartzaile kopurua: 116 (20 emakumezko, 96 gizonezko). Tartean, hamaika herrikide:
-Usurbil: 11.
-Gipuzkoa: 91.
-Bizkaia: 7.
-Araba: 1.
-Frantzia: 4.
-Errioxa: 2.
-Leon: 2.
-Alacant: 1.
-Asturias: 1.
-Burgos: 1.
-Huesca: 1.
-Granada: 1.
Sailkapena:
-Ez da parte hartzaileek eginiko denbora kontuan hartuko, bakoitzak egindako itzuli kopurua eta distantzia baizik.
-Irabazlea, itzuli gehien egingo dituena izango da.
-Bi sailkapen orokor izango dira: emakumezkoena eta gizonezkoena.
-Buruntzaldea maiako beste bi sailkapen zehaztuko dituzte: emakumezkoena eta gizonezkoena.
-Dortsalen banaketa: Santueneko frontoian egingo da. Apirilaren 11n, 18:00-20:00 artean edo apirilaren 12an goizeko 6:00etatik aurrera.
Oharrak:
-Ekimen solidarioa izango da. Caritasen Aterpe zerbitzurako janari bilketa egingo da. Lasterkariek 3 kilo janari emango dituzte. Baina deialdi irekia da herritar ororentzat. Mota guztietako lekaleak (hobe kristalezko ontzian), kontserbetan (atuna, sardinak, …), olioa, kafe xigortua, marmelada, gurina, azukrea, arroza eta pasta eman ahalko da. "Horretarako, boxen gunean edukiontzi batzuk izango ditugu elikagai solidario hauek bertan uzteko".
-Girotutako erronka izango da. Ekimenak izango dira erronkak iraun artean. Herri bazkari bat iragarri dute parte hartzaile eta antolatzaileekin apirilaren 13an auzoko frontoian bertan.
-Orduero hamar bat minutuz, Santueneko zubi ingurua itxita egongo da ibilgailuentzat.
Antolatzailea: Ibai-Ondo elkartea, lankidetzan Usurbilgo Udalarekin eta eragile gehiagorekin.