"Ibai-Ondo Backyard"

"Lasterketarekin gure auzo txikia mundu mailan agertzeak harrotasuna ematen du"

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 2a, 15:11

Ibai-Ondo elkartea izango da noski, bere izena daraman "backyard" erronkaren sustatzaile nagusia. Erabat inplikatu da apirilaren 12ko asteburuko ekimenaren antolaketa lanetan.

Aste eta erdi baino ez estreinakoz Santueneak Euskal Herrian aurrekaririk ez duen erronka bati lekua egiteko. Auzoa nazioarteko halako proben mapan kokatuko duen "Ibai-Ondo Backyard" jokatuko da apirilaren 12ko asteburuan. Ekimenaren izena darama hain zuzen, auzoko elkarteak, ekimen honen sustatzaile nagusiak. Eskertua agertu da bilguneko lehendakari Agustin Esnaola, ekimen honen nondik norakoak aurkezteko asteazken honetan Potxoenean eginiko agerraldian.

"Eskerrak eman nahi ditugu, herriko auzo txiki batera halako erronka handi bat ekarri nahi izateagatik". Esker ona hain zuzen, ekimen honen ideia Santueneara dakarten Pello Fadriqueri eta gaurko aurkezpen ekitaldian parte hartu duen Iñaki Bengoetxeari helarazi dizkio. Izan ere, "backyard" modalitate honek AEB-n du jatorria. Nazioartean hedatuz joan da, Europan muturra sartu arte. Aipaturiko bi lagunak aurreko urteetan bitan proba moduan antolatu dute erronka hau Donostian. Bi saio eginda, ofizialki halako ekimen bat antolatzeko pausoa ematea erabaki zuten.

"Frantziara joan ginen halako lasterketa ofizial bat ikustera. Azpiegitura behar zela jabetu ginen, kiroldegi edo frontoi estali bat. Horrez gain, erronka honek egun oso bat irautea zen helburua". Santuenean, Ibai-Ondo elkarteko lehendakariarekin egon, auzoko frontoia ikusi eta "azpilanetan hasi ginen". Aipatu elkartekoekin adostu zuten lehenik ekimen honi bide ematea bertan, "bazkideen babesa erabatekoa izan da". Gero, gauza bera egin zuten baita Udalarekin. "Dena erraztasuna" izan dela adierazi du Bengoetxeak.

Eskerrak helarazi ditu aipatu moduan Esnaolak erronka hau Santueneara ekartzeagatik. Horren berri jasotakoan, "harridura" eragin ziela Ibai-Ondokoei gogorarazi du. "Gure bazkide eta auzotarrek ez zuten ulertzen hasieran" zer zen zehazki ekimen hau. Horregatik lasterketa gisa definitu ordez, hilaren 12ko asteburuan egingo denari erronka deitzea hobetsi dute.

Auzo giroa piztu du
Ikusmina eragin zuen probak hasieratik auzoan. "Koadrilak hasi ziren ordubetean ibilbidea osatzen. Oinez egin zezaketen bai, baina konturatu ziren oso azkar egin behar zela" , Esnaolak azaldu duenez. Txantxetakoa ez zela ohartu ziren, orduero halako ibilbide bat osatu beharra izatea, nahita nahiez korrika egitea ere inplikatzen du eta. Halere, "saltsa sortu zuen iazko abuztuan", Ibai-Ondo elkarteko lehendakariaren esanetan eta bide batez, "ilusioa jendeak parte hartzeko". Hala, "hasiera batean bazkide asko animatu ziren parte hartzera. Gero itzaltzen joan zen ilusioa", ulergarria den moduan, "ikusi baitzuten ondo prestatua egon behar dela, ez bakarrik fisikoki, baita psikologikoki ere".

Halere, laguntzeko ilusioa piztu zuen eta auzolan horren emaitza izango da apirilaren 12rako auzoan prestaturikoa. "Auzo elkartearekin ere hartuemanetan jarri ginen eta parte hartuko du erronkan, batzuk boluntario bezala eta beste batzuk haurrei zuzenduriko ekintzak antolatuko dituzte", iragarri du Esnaolak gaurko agerraldian.

Izan ere, erronka girotua izango da, besteak beste, herri bazkari bat ere antolatu dute hilaren 13rako. "Asteburu osoan izango denez, denerako denbora izango dugu".

"Dena ondo joan dadila"
Ekimenak bistan denez, ikusmina eta laguntzeko prestasuna sustatu ditu. Baina baita handik kanpo ere herri mailan, eta urrunago, nazioartean ere bai. "Mundu mailan ezagutzera eman da", Esnaolak nabarmendu duenez. Horregatik zioenez, "gure auzo txikia mundu mailako web orrialde batean agertzea, gure elkartearen izen berberarekin, halako harrotasuna ematen digu".

Horregatik, "gu gustura gaude, animatuta". Antolakuntzak ere erronka propioa biziko duela iragarri digute. Izan ere, ekimenak hasiera argi bat izango du, baina ezin jakin, zenbateko iraupena izango duen, noiz amaituko den. "Luze joko du, ordu asko izango direlako eta erantzun on bat eman nahi delako". Urduri dira, baina ekiteko prest. "Dena ondo joan dadila".