"Ibai-Ondo Backyard"

"Agerian geratu da berriro, gure herriaren nortasun ikurra den auzolana"

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 2a, 15:32

Usurbilgo Udalak ere bat egin du apirilaren 12ko "Ibai-Ondo Backyard" erronkarekin. Ekimen hau bideratzeak sustaturiko auzolana, "gure herriaren ezaugarri bat" dela nabarmendu du alkateak, hitzordua aurkezteko gaur Potxoenean eginiko agerraldian.

Aurrekaririk gabeko erronka bati egingo dio aurre Usurbilek, are zehazkiago esanda Santueneak, apirilaren 12ko asteburuan, "Ibai-Ondo Backyard" ekimenarekin. Halere, herri honen izaerarekin erabat bat datorrela nabarmendu du hitzordu horren aurkezpen ekitaldian gaur, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. Ekimena zer zen ez ezagutu arren, aurrera jotzea erabakitzea "hori bada gure herriaren ezaugarri bat. Erronka zaleak gara herri honetan eta edozein erronkari aurre egiteko prestasuna" du, batez ere "elkarlanetik eta auzolanetik", gaurkoan nabarmendu duenez. Izan ere, "ekimen honetan agerian geratu da berriro, gure herriaren nortasun ikurra den auzolana, edozein ekimeni aurre egiteko gure herritarrek eta herriko eragileek duten prestasuna".

Honako hau kirol ekimen hutsa ez dela ere gogorarazi nahi izan du. "Badu ere alderdi solidario bat, hori ere bada azpimarratzekoa". Ondorioz, erronkan berarengan bai baina begirada "kausa batean jartzen" dela ere gaineratu du, esaterako, ekainean antolatu ohi den Uxue Trail Mendi Lasterketak sustatzen duen moduan. "Beraz, guretzako pozgarria da ere zentzu horretan, beste elkartasun lasterketa bat jasotzea gure herrian".

"Erakusten du herrian ere zer nolako kirolari sutsuak ditugun"
Ekimen berria denontzat, baita alkatearentzat berarentzat ere. "Nik ere ez nuen ezagutzen. Ezagutu nuenean iruditu zitzaidan erronka fisiko eta mental izugarria" dela. Probaren gogortasun mailaren aurrean, "nire animuak ere eman nahi dizkiet parte hartzaileei".

Guztira 116 izango dira erronkan parte hartuko dutenak, haietatik hamaika usurbildar. "Ez da kopuru makala", alkatearen esanetan. "Usurbilgo parte hartzaile kopuru horrek ere erakusten du herrian ere zer nolako kirolari sutsuak ditugun".

Santueneakoa da Solaberrieta eta erronka hau bertan egingo zela jakin zuenean, " kirol honen munduko mapa horretan Santuenea" kokatuko zutela harrigarria iruditu zitzaion. "Espero dut eguraldiak laguntzea, paraje eder batean ospatuko da proba hau. Dena ondo joan dadila. Esker mila gure herria hautatu izanagatik".