Udaberriko oporraldiaren atarian garen honetan, asteartean, apirilaren 8an egingo da "Goazen Kalera, Usurbil" dinamikako azken ibilaldi osasuntsua. Santuenean egitekoa dute Zubietako eskolako ikasleekin. Oporren aurreko eta hilabete honi dagokion azken irteera izango da. Izan ere, hurrengoa, maiatzaren 5ean egingo da.
Gogoan izan, maiatzaren 27ra arteko eskaintza prestatu dute Usurbilgo Udalak, Udarregi ikastolak eta Aginagako zein Zubietako eskolek, Oinarrizko Lanbide Heziketarekin eta Arrate, Gure Pakea zein Gure Elkartea jubilatuen elkarteekin batera. Iaz bezala, txandakatu egingo dira ibilbideon eremuak. Bi astean behin Usurbilgo erdigunean egingo dira paseo hauek eta haietako batzuk Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunetik edota Eguneko Arreta Zerbitzutik igaroko dira.
Kasu horietan, paseo amaierako hamaiketakoa gune horietan dastatuko dute parte hartzaileek. Gainerako astearteetan, Aginagan, Santuenean edota Zubietan egingo dira.
Ordutegia ohikoa izaten segiko du; 10:30-12:00 artean egingo dira paseo hauek, tokian tokiko frontoitik. Amaitu berriz, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestaturiko hamaiketako gozoa dastatuz bukatuko dute irteera bakoitza.
Elkar zaintzea
Herri zaintzailegoa izateko bidean bere ekarpena egiten duen dinamika da honako hau. “Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan.
Iaz berreskuratu zuten garai bateko egitasmo hau eta herri erdigunetik Usurbilgo txoko ezberdinetara hedatu zuten dinamika hau, tokian tokiko eskola eta jubilatuen elkarteekin lankidetzan. Momentuz, 2025ari begira, oraingoz hamahiru ibilaldi egingo dituzte otsailaren 4tik maiatzaren 27ra.
“Goazen kalera, Usurbil”
Egutegia: otsailaren 4tik maiatzaren 27ra.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Abiapuntua: tokian tokiko
frontoia.
Apirila
8: Santuenean Zubietako ikasleekin.
Maiatza
6: Usurbilgo erdigunean. Eguneko Arretatik igaroko da.
13: Zubietan.
20: ekintza berezia Usurbilgo erdigunean. Ibilbidea ez da Egurtzegitik ezta Eguneko Arretatik pasako.
26: Aginagan.