Nolatan animatu zarete parte hartzera?
Moises Andres: Auzoan egingo delako, Ibai-Ondo elkarteak antolaturikoa izango delako. Ez dugu sekula halako lasterketa batean parte hartu. Mendiko proba luzeak egin izan ditugu. Gipuzkoako Bira egin genuen, gero martxetan sartu ginen, gero lasterketetan...
Luis Ugartemendia: Bukaera zehatza duten ordu eta kilometro askotako lasterketetan ibiltzera ohituak gaude. Bidean zure erritmoa kudeatzen zoaz. Haietan gure erritmoan ibiltzera ohituak gaude, badakizu noiz amaitzen diren. Hemen, aldiz, orduero atera beharra duzu zauden bezala. Erronka bat da.
Zer itxura hartu zenioten probari?
M.A.: Elkarteak antolatzen zuela jakinik, probatzera ateratzea erabaki genuen. Gabonetan hasi ginen entrenatzen eta tamaina pixka bat hartu diogu. Halere, proba moduan aterako gara. Asteburuan zer gertatuko den, ezin jakin.
L.U.: Mendi lasterketatik gatoz, hemen dena asfaltoa da. Zailtasun handiena da ibilbidea ez dela zirkularra kasu honetan, toki berdinetik joan eta itzuli beharko da. Zirkularra izateak lasterketa bera beste modu batean kudeatzea ahalbidetuko zigun psikologikoki.
Izan ere, alderdi psikologikoak garrantzia berezia du proba honetan?
L.U.: Handia. Egoskorrentzako proba dela diote. Hiru lagun ibiltzen gara entrenatzen. Hasieratik hirurak elkarrekin ibiliko gara bide osoan.
M.A.: Erronka hor egongo da, beste itzuli bat gehiago nork egiten duen.
Santuenea proba hauen munduko mapan kokatu da. Zuentzako ere berezia izango da?
M.A.: Hemen jaio eta bizita, berezia da bai.
L.U.: Euskal Herrian lehen aldia da halako zerbait egiten dena. Aurreneko aldiz antolatzen diren lasterketa berrietan normalean parte hartzen saiatzen gara; Ehun Milak egin ditugu, esaterako. Gure erronka, ahal den azkarren noski, baina ondo bukatzea izaten da. Gure erritmora gehiago egokitzen da Santuenekoa. Ez da erritmo altua lasterketa baterako, baina hemen orduero zauden bezala zaudela atera egin behar duzu. Mendiko lasterketa luzeetan erritmoa zuk kudeatzen duzu, hemen ezin da. Gure asmoa, 50 minuturen bueltan ibiltzea izango da, geldirik denbora askoan ez egoteko.
M.A.: Parte hartzaile batekin hitz egin dut eta esan dit badaezpada astelehena ere jai hartu duela. Jendea aldapara ohitua dago, halere, hemen ez da halakorik.
L.U.: Espainiako txapelketarako puntuagarria izango da. Gutxienez 30 ordu egin behar dira. Badator jendea helburu horrekin.
Beste probaren batean parte hartzeko asmorik baduzue?
L.U.: Modalitate honetan ez.
M.A.: Hiru Haundiak probarako izena emana dut jada.
Arantzazuko irteeraren antolatzaileak ere bazarete. Izen-ematea martxa onean doa.
M.A.: 30 bat izango gara dagoeneko laguntzaile eta guzti.
L.U.: Adineko Amasako taldetxo bat Legazpin batuko da. Izan ere, aurretik joaten den ibilgailuak ibilbidean zehar puntu desberdinetan batzeko aukera ematen du.
Ibai-Ondo Backyard
Hasiera: apirilak 12, goizeko 8:00etan Santueneko frontoian.
Bukaera: azkeneko lasterkariak eginiko azken itzuliarekin.
Iraupena: itzuli bakoitza egiteko 60 minutuko tartea izango dute parte hartzaileek.
Ibilbidea: 6,7056 kilometro eta 20 metroko desnibela (partaideek orduero osatu beharko dute). Santueneako frontoian hasi eta amaituko da itzuli bakoitza. Bidean, Atallu, Santuenea, eta Txokoalde lotuko ditu erriberako bidetik.
Parte hartzaile kopurua: 116 (20 emakumezko, 96 gizonezko). Tartean, hamaika herrikide:
-Usurbil: 11.
-Gipuzkoa: 91.
-Bizkaia: 7.
-Araba: 1.
-Frantzia: 4.
-Errioxa: 2.
-Leon: 2.
-Alacant: 1.
-Asturias: 1.
-Burgos: 1.
-Huesca: 1.
-Granada: 1.
Sailkapena:
-Ez da parte hartzaileek eginiko denbora kontuan hartuko, bakoitzak egindako itzuli kopurua eta distantzia baizik.
-Irabazlea, itzuli gehien egingo dituena izango da.
-Bi sailkapen orokor izango dira: emakumezkoena eta gizonezkoena.
-Buruntzaldea maiako beste bi sailkapen zehaztuko dituzte: emakumezkoena eta gizonezkoena.
-Dortsalen banaketa: Santueneko frontoian egingo da. Apirilaren 11n, 18:00-20:00 artean edo apirilaren 12an goizeko 6:00etatik aurrera.
Oharrak:
-Ekimen solidarioa izango da. Caritasen Aterpe zerbitzurako janari bilketa egingo da. Lasterkariek 3 kilo janari emango dituzte. Baina deialdi irekia da herritar ororentzat. Mota guztietako lekaleak (hobe kristalezko ontzian), kontserbetan (atuna, sardinak, …), olioa, kafe xigortua, marmelada, gurina, azukrea, arroza eta pasta eman ahalko da. "Horretarako, boxen gunean edukiontzi batzuk izango ditugu elikagai solidario hauek bertan uzteko".
-Girotutako erronka izango da: apirilaren 12an, 11:00etatik aurrera haurrei zuzenduriko ekintzak eta 17:30etan txokolatea banatuko dute. Apirilaren 13an, belarritakoak egiteko tailerra eta herri bazkaria egingo dute.
-Orduero hamar bat minutuz, Santueneko zubi ingurua itxita egongo da ibilgailuentzat.
Antolatzailea: Ibai-Ondo elkartea, lankidetzan Usurbilgo Udalarekin eta eragile gehiagorekin.