"Ibai-ondo Backyard"

Aurrekaririk gabeko erronka asteburuan, proba honek munduko mapan kokaturiko Santuenean

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 11a, 11:24

Heldu da aurrekaririk gabeko erronka bizitzeko asteburua. Santuenea proba mota honen munduko mapan kokatu duen "Ibai-Ondo Backyard" ekimena jokatuko da larunbat goizeko 8:00etatik aurrera.

Badator Santuenea munduko proba entzutetsu honen mapan kokatuko duen erronka. Hilabeteotan prestatzen joandakoa Euskal Herrian lehenbiziko aldiz ikusi eta bizitzeko aukera izango da asteburuan Oria ertzeko auzunean. "Ibai-Ondo Backyard" erronkaren estreinako edizioa ospatuko da larunbat goizetik aurrera.

Antolatzaileek eta laguntzaileek hilabeteoan azaldu izan duten moduan, orduero Santuenea, Atallu eta Txokoalde lotuko dituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatzean datza proba berri honek. Nork bere buruarekin lehiatu beharko du. Ordubete horretako erritmoa eta atsedenerako geratuko zaizkion minutuak nola kudeatu parte hartzaile bakoitzak kudeatu beharko du. Izan ere, barne antolaketa hori gakoa izango da ekimen berri honetan. Orduero iritsi behar du abiapuntura, Santueneko frontoira. "Orduero, hurrengo birari irteera emango zaio", ohartarazi dute antolatzaileek.

Hirurogei minutuko tartea gaindituz gero, edo nekatuz gero, orduantxe amaituko du bakoitzak bere parte hartzea. Honenbestez, argi da noiz hasiko den, baina ez noiz amaituko den ekimena. Hasi, apirilaren 12ko goizeko 8:00etan abiatuko da Santueneko frontoitik. Orduero bertan emango zaie irteera bertan egon asmo duten 116 parte hartzaileei. Amaitu, ordea, azken lasterkaria geratu arte ez da bukatuko. Azken horrek, berak bakarrik osatu beharko du azken aldiz, 6,7 kilometroko ibilbidea. Hori noiz gertatuko den ezin da jakin. Antolatzaileetako batek Iñaki Bengoetxeak iragan astean Potxoeneko agerraldian iragarri zuenez, "lasterkari guztien artean, hamabostek esan digute gutxienez 20-24 orduz parte hartuko dutela". Momentuz, argi dutena da, biharamunerako, apirilaren 13ko eguerdirako herri bazkari bat egingo dutela parte hartzaile eta laguntzaile guztiekin. "Hasiak gaude pentsatzen, bazkalorduan oraindik agian baten bat jo eta ke ariko dela oraindik bueltak ematen", jakinarazi zuten.

Itzuli kopurua neurtuko dute
Partaideen ahalegina neurtuko dute baina ez ohiko moduan. Oraingo honetan, ez dute denbora kronometratuko, lasterkari bakoitzak ibilbideari zenbat itzuli emango dizkion baizik. "Helburua ez da denbora, itzuli kopurua", antolatzaileen esanetan. Sailkapenean islatuko da hori. Irabazle bakarra izango du, itzuli gehien egiten dituena. Bi sailkapen osatuko dituzte proba amaieran; emakumezkoena zein gizonezkoena. Bat orokorra izango da, bestea Buruntzaldea mailakoa. Antolatzaileek eskuz eginiko domina jasoko dute opari parte hartzaile guztiek.

Guztira, hasiera batean ehun lagunentzako lekua izatea aurreikusi zuten. 120ra handitu zuten plaza kopurua. Inskripziorako epealdia ireki eta gutxira heldu ziren kopuru horretara. Azken orduan baja batzuk tarteko, 116 izango dira erronka honen lehen edizioan parte hartuko dutenak; 20 emakumezko eta 96 gizonezko, tartean, hamaika herrikide izango dira, gehienak gipuzkoarrak, baina badira baita iberiar penintsulako beste hainbat txokotatik etorriko direnak edota baita frantziar estatutik ere.

Solidarioa
Eskertu nahi izan zituzten hilabeteotan bidelagun izandakoak; hasteko, Usurbilgo Udala, bertatik hasieratik "jaso dugun laguntza ikaragarria izan da", nabarmendu zuen Bengoetxeak. Eragile guztiak eskertu nahi izan zituzten. "Halako ekimen bat antolatzeko laguntza jaso behar da. Eskerrak babesle guztiei". Baita, noski, boluntario guztiei ere. 50eko taldea osatu dute, probak iraun artean etenik gabe laguntzeko. Haiei batuko zaizkie baita Ibai-Ondo elkarteko kideak ere edota Santuenea Auzo Elkartekoak.

Eta laguntza aipatuta, ekimen honen alderdi solidarioa azpimarratu beharra dago. Izan ere, elkartasuna jaso eta emango du erronka berri horrek. "Erronka antolatu zenean ez zen lasterketa hutsa izatea nahi, alderdi solidarioari ere eman nahi zitzaion garrantzia".

Hala, lasterkariek jasoko dituzten poltsak, egileak elkarte batean bildutako Togoko emakume talde batenak dira. Beraz, poltsa hauen truke laguntza jasoko dute. Horrez gain, parte hartzaile bakoitzari hiru kilo janari ekartzea eskatu diete antolatzaileek Caritas elkartearen Aterpe egitasmorako. Bilketa deialdi hau irekia izango da; hau da, herritar orori deitu diete ekimen honekin bat egitera.

"Gogo askorekin" dira proba eguna heltzeko. Euskal Herri mailan lehenbizikoa izanik, "gauzak ondo atera daitezen saiatuko gara". Asmoa, estreinakoz antolaturiko ekimen honi urtero segida ematea da eta, honenbestez, 2026an ere bueltan izatea "Ibai-Ondo Backyard".








"Agerian geratu da berriro, gure herriaren nortasun ikurra den auzolana"
Aurrekaririk gabeko erronka bati egingo dio aurre Usurbilek, are zehazkiago esanda Santueneak, apirilaren 12ko asteburuan, "Ibai-Ondo Backyard" ekimenarekin. Halere, herri honen izaerarekin erabat bat datorrela nabarmendu zuen hitzordu horren aurkezpen ekitaldian, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. Ekimena zer zen ez ezagutu arren, aurrera jotzea erabakitzea "hori bada gure herriaren ezaugarri bat. Erronka zaleak gara herri honetan eta edozein erronkari aurre egiteko prestasuna" du, batez ere "elkarlanetik eta auzolanetik". Izan ere, "ekimen honetan agerian geratu da berriro, gure herriaren nortasun ikurra den auzolana, edozein ekimeni aurre egiteko gure herritarrek eta herriko eragileek duten prestasuna".

Honako hau kirol ekimen hutsa ez dela ere gogorarazi nahi izan zuen. "Badu ere alderdi solidario bat, hori ere bada azpimarratzekoa". Ondorioz, erronkan berarengan bai baina begirada "kausa batean jartzen" dela ere gaineratu zuen, esaterako, ekainean antolatu ohi den Uxue Trail Mendi Lasterketak sustatzen duen moduan. "Beraz, guretzako pozgarria da ere zentzu horretan, beste elkartasun lasterketa bat jasotzea gure herrian".

"Erakusten du herrian ere zer nolako kirolari sutsuak ditugun"
Ekimen berria denontzat, baita alkatearentzat berarentzat ere. "Nik ere ez nuen ezagutzen. Ezagutu nuenean iruditu zitzaidan erronka fisiko eta mental izugarria" dela. Probaren gogortasun mailaren aurrean, "nire animuak ere eman nahi dizkiet parte hartzaileei".

Guztira 116 izango dira erronkan parte hartuko dutenak, haietatik hamaika usurbildar. "Ez da kopuru makala", alkatearen esanetan. "Usurbilgo parte hartzaile kopuru horrek ere erakusten du herrian ere zer nolako kirolari sutsuak ditugun".

Santueneakoa da Solaberrieta eta erronka hau bertan egingo zela jakin zuenean, " kirol honen munduko mapa horretan Santuenea" kokatuko zutela harrigarria iruditu zitzaion. "Espero dut eguraldiak laguntzea, paraje eder batean ospatuko da proba hau. Dena ondo joan dadila. Esker mila gure herria hautatu izanagatik".







"Lasterketarekin gure auzo txikia mundu mailan agertzeak harrotasuna ematen du"
Auzoa nazioarteko halako proben mapan kokatuko duen "Ibai-Ondo Backyard" jokatuko da apirilaren 12ko asteburuan. Ekimenaren izena darama hain zuzen, auzoko elkarteak, ekimen honen sustatzaile nagusiak. Eskertua agertu zen bilguneko lehendakari Agustin Esnaola, ekimen honen nondik norakoak aurkezteko iragan astean Potxoenean eginiko agerraldian.

"Eskerrak eman nahi ditugu, herriko auzo txiki batera halako erronka handi bat ekarri nahi izateagatik". Esker ona hain zuzen, ekimen honen ideia Santueneara dakarten Pello Fadriqueri eta aurkezpen ekitaldi berean parte harturiko Iñaki Bengoetxeari helarazi zizkion. Izan ere, "backyard" modalitate honek AEB-n du jatorria. Nazioartean hedatuz joan da, Europan muturra sartu arte. Aipaturiko bi lagunak aurreko urteetan bitan proba moduan antolatu dute erronka hau Donostian. Bi saio eginda, ofizialki halako ekimen bat antolatzeko pausoa ematea erabaki zuten.

"Frantziara joan ginen halako lasterketa ofizial bat ikustera. Azpiegitura behar zela jabetu ginen, kiroldegi edo frontoi estali bat. Horrez gain, erronka honek egun oso bat irautea zen helburua". Santuenean, Ibai-Ondo elkarteko lehendakariarekin egon, auzoko frontoia ikusi eta "azpilanetan hasi ginen". Aipatu elkartekoekin adostu zuten lehenik ekimen honi bide ematea bertan, "bazkideen babesa erabatekoa izan da". Gero, gauza bera egin zuten baita Udalarekin. "Dena erraztasuna" izan dela adierazi zuen Bengoetxeak.

Eskerrak helarazi zituen aipatu moduan Esnaolak erronka hau Santueneara ekartzeagatik. Horren berri jasotakoan, "harridura" eragin ziela Ibai-Ondokoei gogorarazi zuen. "Gure bazkide eta auzotarrek ez zuten ulertzen hasieran" zer zen zehazki ekimen hau. Horregatik lasterketa gisa definitu ordez, hilaren 12ko asteburuan egingo denari erronka deitzea hobetsi dute.

Auzo giroa piztu du
Ikusmina eragin zuen probak hasieratik auzoan. "Koadrilak hasi ziren ordubetean ibilbidea osatzen. Oinez egin zezaketen bai, baina konturatu ziren oso azkar egin behar zela" , Esnaolak azaldu zuenez. Txantxetakoa ez zela ohartu ziren, orduero halako ibilbide bat osatu beharra izatea, nahita nahiez korrika egitea ere inplikatzen du eta. Halere, "saltsa sortu zuen iazko abuztuan", Ibai-Ondo elkarteko lehendakariaren esanetan eta bide batez, "ilusioa jendeak parte hartzeko". Hala, "hasiera batean bazkide asko animatu ziren parte hartzera. Gero itzaltzen joan zen ilusioa", ulergarria den moduan, "ikusi baitzuten ondo prestatua egon behar dela, ez bakarrik fisikoki, baita psikologikoki ere".

Halere, laguntzeko ilusioa piztu zuen eta auzolan horren emaitza izango da apirilaren 12rako auzoan prestaturikoa. "Auzo elkartearekin ere hartuemanetan jarri ginen eta parte hartuko du erronkan, batzuk boluntario bezala eta beste batzuk haurrei zuzenduriko ekintzak antolatuko dituzte", iragarri zuen Esnaolak iragan asteko agerraldian.

Izan ere, erronka girotua izango da, besteak beste, herri bazkari bat ere antolatu dute hilaren 13rako. "Asteburu osoan izango denez, denerako denbora izango dugu".

"Dena ondo joan dadila"
Ekimenak bistan denez, ikusmina eta laguntzeko prestasuna sustatu ditu. Baina baita handik kanpo ere herri mailan, eta urrunago, nazioartean ere bai. "Mundu mailan ezagutzera eman da", Esnaolak nabarmendu zuenez. Horregatik zioenez, "gure auzo txikia mundu mailako web orrialde batean agertzea, gure elkartearen izen berberarekin, halako harrotasuna ematen digu".

Horregatik, "gu gustura gaude, animatuta". Antolakuntzak ere erronka propioa biziko duela iragarri digute. Izan ere, ekimenak hasiera argi bat izango du, baina ezin jakin, zenbateko iraupena izango duen, noiz amaituko den. "Luze joko du, ordu asko izango direlako eta erantzun on bat eman nahi delako". Urduri dira, baina ekiteko prest. "Dena ondo joan dadila".