"Ibai-Ondo Backyard"

Abian da aurrekaririk eta amaiera argirik gabeko erronka

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 12a, 12:31

Larunbat goizeko 8:00ak jotzearekin batera abiatu dira Santueneako frontoitik, Euskal Herri mailan estreinakoz antolaturiko erronkako parte hartzaileak.

Abian da Euskal Herrian aurrekaririk gabeko eta iraupen luzeena izango duen erronka Santuenean. Larunbat goizeko 8:00etan, puntualtasun osoz ekin diote "Ibai-Ondo Backyard" ekimenaren estreinako edizioari.

Ordutik, etenik gabe bidean dira izena emadako 116 parte hartzaileak. Orduero, Santuenea Atallu eta Txokoalderekin lotuko duen 6,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lehen itzuli horren irudi bilduma duzue lerrootan.

Goizean goiz gerturatu dira lasterkariak erronkaren eremu eta haien atsedenerako toki izango den Santueneako frontoira. Pilotalekua gaur, kirolari guztion bizilekuan bilakatu dute. Hasiera argia bai, aurreikusi ezin den iraupena izango du estreinako proba honek. Ezin jakin nork emango dituen itzuli gehien, ezta itzuli gehien emango dituen horrek noiz arte eutsiko dion erronka honi.

Argi dena da noiz eta nola ekin dioten ekimenari. Goizeko 8:00etako lehen itzulian gogotsu hasi dute ekimena, nork bere erritmoan. Izan ere, nork bere buruarekin lehiatu beharko du uneoro. Erronka handiena 60 minutu horiek ahalik eta egokien kudeatzea izango dute.

Ibai-Ondo Backyard
Hasiera: apirilak 12, goizeko 8:00etan Santueneko frontoian.
Bukaera: azkeneko lasterkariak eginiko azken itzuliarekin.
Iraupena: itzuli bakoitza egiteko 60 minutuko tartea izango dute parte hartzaileek.
Ibilbidea: 6,7056 kilometro eta 20 metroko desnibela (partaideek orduero osatu beharko dute). Santueneako frontoian hasi eta amaituko da itzuli bakoitza. Bidean, Atallu, Santuenea, eta Txokoalde lotuko ditu erriberako bidetik.
Parte hartzaile kopurua: 116 (20 emakumezko, 96 gizonezko). Tartean, hamaika herrikide:
-Usurbil: 11.
-Gipuzkoa: 91.
-Bizkaia: 7.
-Araba: 1.
-Frantzia: 4.
-Errioxa: 2.
-Leon: 2.
-Alacant: 1.
-Asturias: 1.
-Burgos: 1.
-Huesca: 1.
-Granada: 1.
Sailkapena:
-Ez da parte hartzaileek eginiko denbora kontuan hartuko, bakoitzak egindako itzuli kopurua eta distantzia baizik. 
-Irabazlea, itzuli gehien egingo dituena izango da.
-Bi sailkapen orokor izango dira: emakumezkoena eta gizonezkoena.
-Buruntzaldea maiako beste bi sailkapen zehaztuko dituzte: emakumezkoena eta gizonezkoena.
Oharrak:
-Orduero hamar bat minutuz, Santueneko zubi ingurua itxita egongo da ibilgailuentzat.
Antolatzailea: Ibai-Ondo elkartea, lankidetzan Usurbilgo Udalarekin eta eragile gehiagorekin.