"Ibai-Ondo Backyard"

Ordueroko erronka izango da, azkenak utzi arte

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 12a, 12:07

Ezin da aurreikusi noiz amaituko den erronka hau. Azkenak utzi arte ez da bukatuko "Ibai-Ondo Backyard" ekimen berri hau.

Etenik gabe goizeko 8:00etatik oinez, lasterka, nor bere erritmoan antolakuntzak zehaztutako 6,7 kilometroko ibilbidea osatzen ari dira estreinakoz, Santuenean egiten ari diren "Ibai-Ondo Backyard" ekimeneko parte hartzaileak.

Frontoia dute irteera, helmuga eta atsenederako leku. Orduero abiatzen dira, orduero helmugara iritsi. Albiste honi atxikitako irudiok goizeko 9:00etako itzulikoak dituzue. Amaitu, ordea, azken lasterkaria geratu arte ez da bukatuko. Orduan amaituko da erronka hau. Azken horrek, berak bakarrik osatu beharko du azken aldiz, 6,7 kilometroko ibilbidea. Hori noiz gertatuko den ezin da jakin. Antolatzaileek berri emana dutenez, "lasterkari guztien artean, hamabostek esan digute gutxienez 20-24 orduz parte hartuko dutela". 

Izan ere, erronka berri honetan, ez dira lasterkariak ibilbidea zenbat denboran egiten duten neurtzen ari. Hemen, kontua, 60 minutu baino lehen orduero aipatu ibilbidea osatzea da. Itzuli gehien emandakoak irabaziko du. "Helburua ez da denbora, itzuli kopurua baizik", antolatzaileen esanetan. Sailkapenean islatuko da hori. Irabazle bakarra izango du, itzuli gehien egiten dituena. Bi sailkapen osatuko dituzte proba amaieran; emakumezkoena zein gizonezkoena. Bat orokorra izango da, bestea Buruntzaldea mailakoa. Antolatzaileek eskuz eginiko domina jasoko dute opari parte hartzaile guztiek.

Ahalegin horrek guztiak, auzolan handia bideratu beharra eskatu du hilabeteotan eta baita, noski, orduotan ere. Izan ere, 50 laguneko boluntario taldea osatu dute erronka hau behar bezala egin ahal izateko.