Hamabi ordu... eta segi aurrera! Ez dute marka makala hautsi. Iluntzeko 20:00-21:00 artean Santuenean jasotako irudiak dituzue segidan. Egunotan iragarri moduan, aurrekaririk ez duen "Ibai-Ondo Backyard" erronka jokatzen ari dira bertan eta ezin da jakin noiz amaituko den. Momentuz, luze jo dezake oraindik. Izan ere, albiste honi atxikitako irudiotan argi ikus daiteke, gogotsu egoten segitzen dutela parte hartzaileek orduero Santuenea, Atallu eta Txokoalde lotzen dituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatzeko.
Antolatzaileen esanetan, 116 ziren goizeko lehen orduan, iluntzeko 20:00ak buelta horretan 60 partaidetik gora baziren oraindik itzuliak ematen zebiltzanak. Hauek denek dagoeneko hamabi itzuli eman dizkiote ibilbideari, etenik gabe, goizeko 8:00etatik.
Gaua heldu da Santueneara eta irudiotan ikus dezakezuen moduan, oraindik hamarnaka parte hartzaileek segitzen dute "backyard" proba honetan. Gaua heltzearekin batera, bereziki Santuenea eta Txokoalde arteko erriberako biderako linternak piztu dituzte, bidea argiztatzeko. Hamahirugarren orduan sartu dira lasterkariak.