Antolakuntzak aurreikusia zuena bete da. Estreinakoz Santuenean eta Euskal Herri osoan antolaturiko "Ibai-Ondo Backyard" ekimena borobiltzeko herri bazkaria antolatua zuten auzolanean aritutakoek auzoko frontoian. Ez zekiten, ordea, ordurako larunbat goizeko 8:00etan hasitako erronka amaitua izango ote zen. Susmoa bazuten, oraindik agian baten batek 6,7 kilometroko ibilbideari bueltaka segiko zuela.
Susmoa egi bihurtu da azkenean. 30 ordu eta gero, 31. itzuliari ekin diote igande arratsaldeko 14:00etan, 10:00etatik buruz buru ari diren erronka honetako azkeneko bi partaideek. Diotenez, arratsaldean zehar jarraitzekotan dira.
14:00etako irteeraren ondotik, antolakuntza taldeak tartetxo bat hartu du bazkaltzeko, baina ez denek eta haietako batek baino gehiagok altxa beharko du berriz, azkeneko bi partaideak Txokoaldetik bueltan datozenerako. Dagoeneko, 30 orduotan 201 kilometro egin dituzte. Ea zenbat gehiago egiteko gai diren.