Ibai-Ondo Backyard erronkaren bigarren edizioaren data finkatu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 23a, 10:36

Lehenengo edizioak izandako harreraren ondotik, Ibai-Ondo Backyard erronkak bigarrena izango duela ziurtatu dute antolatzaileek. Azken orduotan, noiz izango den zehaztu dute.

Santuenea, Atallu eta erribera aldetik Txokoalde lotutako 6,7 kilometroko ibilbidea orduero osatzea, horixe zen apirilaren 12ko asteburuan egindako Ibai-Ondo Backyard erronkaren gakoa. Estreinakoz eginiko ekimenak ehunetik gora lasterkari bildu zituen Santuenean. Inoizko ekitaldi luzeena bizi izan genuen; 40 orduz egon zen txapelduna etenik gabe bueltaka, Imanol Aleson. 41 itzuli egin zituen, 275 kilometro 40 ordutan.

Hortxe estreinako edizioan jarritako marka. Hura hobetzeko erronka izango du baten batek edota berriz edota lehenbiziko aldiz parte hartzeko asmotan ere izango dira beste hainbat. Haientzat guztientzat, egunotan Ibai-Ondo Backyard erronkako antolatzaileek ziurtatu dute baietz, 2026an bigarren edizioa izango duela ekimenak. Iragarria zuten baita zehaztear zirela data zehatza.

Azken orduotan eman dute ezagutzera, sare sozialen bidez. Hain zuzen, aurtengo lehen edizioko kartela eta NOAUA! aldizkarietako bat baliatu dute bigarren Ibai-Ondo Backyard noiz egingo den iragartzeko. 2026ko martxoaren 28an izango da. Hilabete horretako azken asteburuan, aurten egin duten moduan, udaberriko oporraldiaren hasieran.

Bideo berean antolatzaileek berri eman dutenez,  "laster albiste gehiago" emango dituzte, inskripzioak egiteko moduaren inguruan. Parte hartzera deitu dute. "Animatu zaitezte, hasi entrenatzen. Zuen zain gaude".