Lehendik ere egin izan dute Santuenean; aurtengoan, ohitura hori berreskuratu dute. Izan ere, ekainaren 23a nonahi jaieguna izaten da, bereziki gau parteko sutzarrekin eta aldez aurretik egiten den girotze lanarekin. Oria ertzeko auzo horretan ere hala egin zuten astelehen arratsaldean, Santuenea K.E.-ren eskutik.
Kalejira batek zeharkatu zuen auzoa, frontoi ondoko plazan hasi eta iluntzean sutzarra piztu zuten eremuan amaitu zenak hain zuzen. Trikitilari eta panderojoleek lagundutako ibilbidean zehar, hainbat geltoki egin zituzten eta geltokiotan dantzan, jolasean eta koplatan ere aritu ziren. Sorterri ezberdinetako auzokideak batu zituen hitzorduak. Udako solstizioari lotuta nork bere herrialdean izandako bizi-esperientzia partekatu zuten.