Sare sozialen bidez iragartzen ari ziren azken asteotan, nobedade baten berri ematekotan zirela. Egunotan plazaratu dute. “Ibai-Ondo Backyard” erronkak atari berria du, hemen helbidea: ibaiondobackyard.eus .
Helbide horretan klikatuta, "ongi etorri amaierarik gabeko erronkara!" harrera mezuarekin egingo dugu topo. Webgune horretan jaso dezakezue ekimen horren nondik norakoen berri. Ibilbidearen ezaugarriak eta erronkaren beraren xehetasunak ezagutu ditzakezue. Gogoan izan, orduero 6,7 kilometroko ibilbidea osatzean datza ekimenak. Orain arte egindako edizioen berri jaso dezakezue edota ekimen hau bideratzen duen lantaldea nor den jakin dezakezue.
Gogoan izan, apirilean jokatu zen estreinako edizioan ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. Azkenak, 41 itzuli (270 kilometro) eman zizkion Atallu, Santuenea eta Txokoalde arteko 6,7 kilometroko ibilbideari. Berriki, bigarren ediziorako data ere finkatu zuten antolatzaileek; datorren urteko martxoaren 28ko asteburuan jokatuko da.
Webgunearen sustatzaileek nabarmendu dutenez, edizio horri begirako araudia kaleratu dute lerrootan mintzagai dugun atarian eta parte hartzaileei “arretaz irakurtzea” galdegin diete. Horrez gain, 2026ko ediziorako izen-ematea bideratzeko tresna izango da ibaiondobackyard.eus