Santueneako jaiak

Bi zehaztasun haurrei zuzenduriko jaietako ekintzetan

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 19a, 09:29

Ohi bezala, haurrei zuzenduriko eskaintza prestatu dute Santueneko festen antolatzaileek. Baina bi aldaketa txertatu dituzte, aurrez kaleratua zuten kartelean.

Denetarik eta denontzako festa izango da Santuenean ostiral honetan, irailaren 19an hasi eta hilaren 21era arte. Urtero moduan, aurtengoa ere ez da salbuespena izango eta hiru egunotan, tarte nabarmena izango du haurrei zuzenduriko eskaintzak.

Antolatzaileek hain zuzen, auzoko festei lotutako kartel orokorra kaleratua zuten, baita gazteenentzako hitzorduena ere. Azken orduotan, ordea, azken kartel horretan, umeen ekintzenean, bi aldaketa txertatu dituzte; biak ala biak, larunbateko, irailaren 20ko bi hitzorduetarako.

Izan ere, bihar ospatuko dituzte gazteenei begirako ekintza gehienak. Horien artean, txokolate jana. Segidan duzuen antolatzaileen kartel eguneratuan ikus daitekeen moduan, txokolate jan hori txoznetan egingo dela iragarri dute.

Bestalde, arratsaldeko 20:00etan "Holi Festa" antolatu dute DJ Gorka Mendirekin. Honako oharra erantsi diote hitzorduari: "Igerilekuko betaurrekoak ekartzea gomendatzen dizugu".

Gainerakoan, aurreikusitako eskaintza izango da gaurtik igandera; zirko tailerra, puzgarriak, Lauburu erraldoi eta buruhandi konpartsa aurten Usurbilgo herri eta auzoetako festetan barrena egiten ari den biraren baitako estreinako kalejira... Hemen dituzue xehetasunak:

Santueneko jaiak
Irailak 19, ostirala
17:00 Txupinazoa.
18:30 Buruhandiak.

Irailak 20, larunbata
10:00 Puzgarriak.
13:00 Buruhandiak.
14:00 Haurren bazkaria (norberak ekarria, bertan edaria eta postrea banatuko dira).
16:00 Apar festa.
17:30 Txokolatada txoznan.
18:00 Buruhandi eta erraldoiak, LAUBURU konpartsaren eskutik.
20:00 Holi Festa, DJ GORKA MENDIrekin: Igerilekuko betaurrekoak ekartzea gomendatzen dizugu.

Irailak 21, igandea
11:00 Zirko tailerra.
18:00 Buruhandiak.

Antolatzailea: Santueneko Jai Batzordea.