Santueneako jaiak

Buruhandien lehen irteera, Lauburuko konpartsako gainerako kideak heldu bezperan

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 19a, 20:01

Buruhandien lehen irteerak, ohi bezala, harrera ezinhobea izan dute Santueneako jaien hasieran.

Haurrak festetan parte hartzera mugiarazi eta ospakizunokiko duten lotura handietako bat buruhandiak izaten dira; are gehiago, aurten, Lauburu konpartsa Usurbilgo herri eta auzoetan barrena egiten ari den bira kontuan izanda.

Herriko erraldoien eta buruhandien konpartsa hain zuzen, larunbat arratsaldean izango da Santuenean. 18:00etan abiatzekoa dute auzoan barrena egingo duten kalejira.

Hitzordu horren bezperan egin dute buruhandiek lehen irteera eta ez dute falta izan haiek xaxatu lehenbizi eta, gero, haiengandik ihesi egin nahi zuenik. Zaletu gaztetxoak inguruan izan dituzte, pailazoak, deabruak... Larunbatean izango da hitzordu nagusia, konpartsa osoaren iritsierarekin.