Santueneako jaiak 2025

Askari gozoenerako ilara luzea

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 20a, 20:16

Txokolate ederra dastatu ahal izan dute jai batzordekoen eskutik, larunbat arratsalde honetan Santueneko jaietara joandakoek.

Goiza puzgarrietan igaro dute, bazkalostea apar festan. Egun mugitua izan dute gazteenek haiei zuzenduriko Santueneako jaietako ekintzetan. Horregatik, ezinbestekoa zuten indarberritzea eta, horretarako, askari gozo askoa antolatu die jai batzordeak; txokolate jana.

Kirol pista ondoan aritu dira zerbitzatzen arratsaldeko 17:30ak ingurutik aurrera. Joan etorri bat baino gehiago egin behar izan dute antolatzaileek txokolate gehiagoren bila. Askaltzeko prest zirenak ase arte aritu dira zerbitzatze lanetan. Ilara luzea sortu dute txokolate bila joandakoek.

Askarian hartutako indarra xahutu dute gero, larunbat honetako azkeneko bi ekintzetan; Lauburu konpartsakoen kalejiran, nahiz gero, Dj Gorka Mendiren emanaldi  berezian.