Zain ziren, irrikaz, gainera. Lauburu konpartsa non, eskuzabalik hartzen dute herritarrek. Aurten, estreinakoz, Usurbilgo festetan soilik ez, udalerri honetako auzo eta herrietan parte hartzen ari da erraldoi eta buruhandien konpartsa eraberritua. Harrera ezinhobea izan du ekimenak. Kalezarren, Zubietan, Urdaiagan edota Atxegalden egin bezalaxe, nagusiki haurrei zuzenduriko ekintzak nagusitu diren Santueneako jaietako larunbat arratsalde honetan heldu dira auzora.
Frontoi ondotik hasi dute ordubete inguruko kalejira, dultzaineroak bidelagun zituztela. Hitzorduak aurrera egin ahala, batzen joan zaizkie bidelagunak, bereziki "eskubaloi plaza" ingurura heldu direnean. Erraldoiek maisuki egin dute dantza bertan nahiz gainerako geltoki guztietan. Usurbilgo jaietan lehen aldiz kaleraturiko buruhandi talde berria, bestalde, bizi asko ibili da, haiengandik ihesi zebiltzan haurren atzetik.
Amaieran, euriak zapuztu du hein batean kalejira. Baina frontoiko estalpeak eskainitako babesarekin eman zaio amaiera borobila konpartsakoen erakustaldiari.