Santueneako jaiak 2025

Santueneako ospakizunen asteburua iruditan

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 24a, 09:18

Irailaren 19tik 21era ospaturiko Santueneako festen hainbat une gogoangarri iruditan bildu ditugu.

48 orduko etenik gabeko jai giro bizia izan zuten iragan asteburuan Santuenean. Sargori hasitako ospakizunen zikloa urez betetako globo gerrarekin freskatu ahal izan zuten edota buruhandiengadik ihesi eta Burrunbazale txarangakoekin kalejiran abiatu ziren. Galdutako energia berreskuratzeko sardina jan ederra dastatu ahal izan zuten.

Izan ere, jan-edanak presentzia nabarmena izan du Santueneako festen egitarauan. Txokolate edota piper jan ederra izan zuten asteburuan zehar, hamaiketako oparoa dastatzeko aukeraz gain.

Bizi asko joan da asteburuan Santuenean, dj gauekin edota arratsalde dantzagarriekin. Igandean, Izer eta Alabierrek erromeria giroa ederra sustatu zuten Santueneko frontoian. Bezperan, euskal kantuen erritmora dj Gorka Mendik ere funtzio bera bete zuen. Emanaldian zehar, "Holi Festa" koloretsua ospatu zuten gaztetxoenek. Haiek izan dira festetako protagonisten artean, puzgarri, zirko tailer edota apar festarekin. Eta nola ez, estreinakoz Usurbilgo herri eta auzoetako festetan egiten ari den biraren baitan, Lauburu erraldoi eta buruhandi talde berrituaren konpartsak eginiko bisitak harrera beroa izan zuen.

Mus txapelketa jendetsuaren arratsaldean izan zen. Lau ordutik gora iraundako lehiaketak muslariez bete zuen frontoia. Goiz osoan aritu ziren biharamunean, bestalde, tokan. Eta segidan, bazkaritarako bildu ziren. Hitzordu seinalatua, auzokideen elkargune lanak egiten dituena. Aldez aurretik nahiz asteburuan zehar, jo eta su lanean aritutako jai batzordeko kideak nahiz belaunaldi ezberdinetako kideak batu zituen hitzorduak.

Izan ere, jaiak badira elkartu eta auzo nahiz herriak eraikitzen laguntzen duten bilguneak. Hala izan dira Santueneakoak, auzolanean bideratu dituzten festak.

Hiru egunez Santuenean bizitako irudiotan bildu dugu. Esteka honetan dituzue eskuragarri: noaua.eus/bereziak/santueneako-jaiak-2025