Bertsoz girotu dute ostiral gaua bart Santuenean. Bertako auzo elkarteak antolatuta, bertso-afaria ospatu dute Ibai-Ondo elkartean. Giro ederra eta afari goxo askoa dastatu dute. Nerea Elustondo, Sustrai Colina eta Eli Pagola aritu dira bertsotan, Onintza Gartzia gai-emaile aritu da. Otordua Ibai-Ondo elkarteko kideek sukaldatu zuten. Antolatzaileek helarazitako albiste honi atxikitako argazkietako batean ageri dira, bart gaueko hitzorduko sustatzaile nagusiak.
Adi, ostiral gauekoa ez baita izan, Santuenea Kultur Elkarteak oraingoz antolaturiko azken ekintza. Tailer gehiago iragarri ditu eta baita kantu bazkaria ere azaroa agurtzeko. Lerrootan dituzue xehetasunak:
Santuenea K.E.-ren datozen ekintzak
Urriak 24/azaroak 7
17:30-19:30 Sendabelar koadernoa Leire Lazkanoren eskutik, Santueneako frontoi ondoko lokalean: "Gure inguruan agertzen diren sendabelarrak behatu eta ezagutuko ditugu. Norberak bere koadernoa sortuko du inguratzen gaituen lurrak eskaintzen dizkigun sendabelarrak jasoz. Belarrak ezagutzen ikasiko dugu, haien erabilerak ulertzen eta haien onurak aprobetxatzen".
Prezioak: Santuenea K.E.ko bazkideek 30 euro, bazkide ez direnek 35 euro.
Oharra: plaza mugatuak.
Izen-ematea: 621 095 644 / santueneake@gmail.com
Azaroak 29, larunbata
14:00 Kantu bazkaria Aialde-Berri sagardotegian. Sebasek eta Kikek girotuko dute. Menua: txorizo egosia, bakailu tortila, saiheskia eta letxuga, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Ura, sagardoa, ardo beltza, kafea. Kopa aparte. Prezioa: 33 euro.
Txartelak azaroaren 15era arte salgai, Santueneako Esnaola janari-dendan eta eta Artzabal jatetxean baita santueneake@gmail.com helbidean edo 621 095 644 telefono zenbakian. Emailez nahiz telefonoz jaso ahalko da haurren menuari buruzko xehetasun gehiagoren berri.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.