Santuenea K.E. bertso-afariaren grabazioa sarean

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 29a, 08:28

Bertso-afari ederra ospatu zuten urriaren 17an Santueneako Ibai-Ondo elkartean. Bertan egon izan zutenek saioa bideo bidez ikusteko aukera dute orain.

Bertsoz girotu zuten urriaren17ko gaua Santuenean. Bertako auzo elkarteak antolatuta, bertso-afaria ospatu zuten Ibai-Ondo elkartean. Giro ederra eta afari goxo askoa dastatu zuten. Nerea Elustondo, Sustrai Colina eta Eli Pagola aritu ziren bertsotan, Onintza Gartzia gai-emaile lanetan aritu zen. Otordua Ibai-Ondo elkarteko kideek sukaldatu zuten. Antolatzaileek helarazitako albiste honi atxikitako argazkietako batean ageri dira, gau hartako hitzorduko sustatzaile nagusiak.

Bertara joan ezin izan zutenek, bertso saioa ikusteko aukera dute orain. Izan ere, Santuenea Kultur Elkarteak hitzordu hura bideoz grabatu zuen eta grabazioa sarean jarri du. Bertso saio hura ikusgai duzue bilgune honek Youtuben duen @SantueneaKulturElkartea kanalean.

Bertso saio hura ez da Santuenea Kultur Elkarteak aurtengoan antolaturiko azken ekintza izango. Sendabelarren bigarren tailerra eta kantu bazkaria antolatu ditu estreinatzear dugun azarorako. Lerrootan dituzue xehetasunak:

Santuenea K.E.-ren datozen ekintzak
Azaroak 7, ostirala
17:30-19:30 Sendabelar koadernoa Leire Lazkanoren eskutik, Santueneako frontoi ondoko lokalean: "Gure inguruan agertzen diren sendabelarrak behatu eta ezagutuko ditugu. Norberak bere koadernoa sortuko du inguratzen gaituen lurrak eskaintzen dizkigun sendabelarrak jasoz. Belarrak ezagutzen ikasiko dugu, haien erabilerak ulertzen eta haien onurak aprobetxatzen".
Prezioak: Santuenea K.E.ko bazkideek 30 euro, bazkide ez direnek 35 euro.
Oharra: plaza mugatuak.
Izen-ematea: 621 095 644 / santueneake@gmail.com

Azaroak 29, larunbata
14:00 Kantu bazkaria Aialde-Berri sagardotegian. Sebasek eta Kikek girotuko dute. Menua: txorizo egosia, bakailu tortila, saiheskia eta letxuga, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Ura, sagardoa, ardo beltza, kafea. Kopa aparte. Prezioa: 33 euro.
Txartelak azaroaren 15era arte salgai, Santueneako Esnaola janari-dendan eta eta Artzabal jatetxean baita santueneake@gmail.com helbidean edo 621 095 644 telefono zenbakian. Emailez nahiz telefonoz jaso ahalko da haurren menuari buruzko xehetasun gehiagoren berri.

Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.