Lehenengo edizio arrakastatsuaren ondotik, bigarrenari data jarri zioten, webgune berria estreinatu ere bai. Orain, hurrengo erronka handirako izen-ematearen irekiera eguna zehaztu du Ibai-Ondo Backyard ekimenaren antolakuntza taldeak. Abenduaren 2an, asteartearekin, arratsaldeko 15:00etan zabalduko dute bigarren ediziorako inskripzio orokorrerako epealdia. "Gorde eguna zure egutegian", gogorarazi dute, "basoa, erronka, eta abentura berria" dakarren bigarren Ibai-Ondo Backyard proba prestatzen ari direnek.
Adi, ordea, herrikideek lehenago izango dute izena emateko aukera, antolatzaileek kaleraturiko araudiaren arabera, azaroaren 17tik 28ra hain zuzen. 25 plaza gordeko dira tarte horretan inskripzioa egoki bideratzen dutenentzat, plaza horien baitan egongo dira Santueneako Ibai-Ondo elkarteko bost bazkideentzako plazak ere. Prezioa, 45 eurokoa izango da.
Xehetasun horiek antolatzaileek plazaraturiko araudian dituzue. "Mesedez, irakurri arretaz. Oso garrantzitsua da lasterketa eguna baino lehen, dena ondo ezagutzea. Horrela denak hobeto funtzionatuko du!", gogorarazi dute.
Araudia bera bere osotasunean eta erronkari buruzko xehetasun gehiago, Ibai-Ondo Backyard ekimenaren atari berrian jaso ditzakezue, ibaiondobackyard.eus atarian hain zuzen.
Kartela ere prest
Horrekin batera, hurrengo edizio horretarako kartela ere argitaratu dute babesleekin. Bertan egoki zehaztua dagoen moduan, 2026ko azken asteburuan, martxoaren 28an (larunbata) hasiko da, amaiera argirik ez duen erronka. Izan ere, gogoan izan, orduero, Atallu, Santuenea eta Txokoalde arteko 6,7 kilometroko ibilbidea osatzea da ekimenaren xedea, norberak erabakitako abiaduran. Estreinako edizioan, ibilbideari itzuli gehien emandako azken lasterkariak 270 kilometro egin zituen. 41 aldiz osatu zuen 6,7 kilometroko ibilbidea. Larunbat goizeko 8:00etan hasi eta igande gauerdia pasa arte aritu zen etenik gabe, batzuetan oinez, besteetan lasterka (erritmoa partaide bakoitzak erabakitakoaren araberakoa izaten da).
Apirilean jokatutako lehen edizio hartan, ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. 