"Hurbilduz" egitasmoa aurkeztu eta auzo lokala inauguratuko dute ostegunean Santuenean

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 18a

Aginagan probatzen hasitako esperientzia pilotua orain Santuenean jarri nahi dute martxan Udalak eta Zabalduz kooperatibak. "Hurbilduz" proiektua aurkeztu eta bide batez, frontoi ondoko lokal berritua inauguratuko dute ostegun honetan, azaroaren 20an.

Hitzordu bikoitza azaroaren 20an Santuenean. Kokagune bera izango dute Usurbilgo Udaletik iragarritako bi deialdiek; auzoko frontoi ondoko lokala. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldi sorta. Izan ere, lehenik eta behin, Hurbilduz proiektua aurkeztuko du Udalak Santuenean, bertan auzo-zaintza egitasmoa abiarazi nahi duelako, "auzoaren baldintzak horretarako ezin hobeak direla pentsatuta". Xehetasunak "Udaleko eta Zabalduz kooperatibako ordezkariek azalduko dituzte proiektuaren nondik norakoak eta datozen aste eta hilabeteetan eman nahi dituzten pausoak".

Gogoan izan, biek, Udalak eta Zabalduz kooperatibak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatua dute aipatu proiektu hau garatzeko. Zabalduz-eko bi kide ari dira, "Adinberri fundazioaren bidez, Hariak programaren" baitako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotako egitasmo hau jorratzen. Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, "Aginagan hasi zen proiektu pilotu hori probatzen, eta orain, Santuenean jarri nahi da martxan, duen kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuz, leku ezin hobea dela iritzita".

Horretarako, auzoko 80 urtetik gorako bizilagunak elkarrizketatu nahi dituzte. Egitasmoaren berri jaso dezaten antolatu du Udalak hilaren 20ko hitzordua, baina horrez gain, gutun bana helaraziko zaie aipatu auzokide horiei guztiei, "proiektuaren berri eman eta parte hartzera gonbidatzeko". Mintzagai dugun egitasmoak bi lan-ildo izango ditu, Udaletik jakinarazi dutenez. "Batetik, bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen pertsonekin Bizi Planak egingo dituzte, akonpainamenduarekin batera: pertsonaren nahiak erdigunean jartzen dituen plan pertsonalizatuak dira, euren ongizatea eta gizarteratzea bultzatzeko, bakardadeak pertsonengan sortzen duen narriadura fisikoa zein psikologikoa atzeratzea helburu. Bestetik, sentsibilizazioan eta aktibazioan oinarrituko den lanketa komunitarioa egingo da: zaintza sare komunitarioak indartzea izango da helburua, eta zenbait kasutan, berriak sortzea".

Lokalaren inaugurazioa
Hurbilduz proiektuaren aurkezpena aipatu frontoi ondoko lokalaren goiko solairuan izango da. Segidan helduko diote arratsalde horretarako programaturiko bigarren hitzorduari, baina lokal beraren beheko solairuan. Izan ere, aipatu gune hori inauguratu asmo dute. "Batez ere, biltegi gisa erabili izan da orain arte, eta espazio horri etekin gehiago ateratzeko proposamenak adostu ditu udalak Auzo Planeko talde motorrarekin eta Santuenea kultur elkartearekin", Udaletik azaldu dutenez.

Horren harira, egokitzapen lanak egin dituzte bi solairuetan. "Guztira, 20.000 euro inguru inbertitu dira. Goiko solairuan, kirola egiteko bi makina eta billarreko mahaia jarri dira. Beheko solairuan, berriz, lurra berritu eta paretak margotzearekin batera, sukalde bat jarri da. Sukaldeko hainbat elementu berrerabiliak dira, Eguneko Zentroa haur eskolaren eraikinean zegoenekoak baitira. Zentroa Egurtzegira pasatu zenean ere, hango zenbait mahai, aulki eta butaka ere Santueneko lokal horretara eraman ziren".