Frontoi ondoko lokal berritua, Santueneako auzogintzaren egoitzen sarean

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 24a

Sukalde eta biltoki egokituarekin, azaroaren 20an inauguratu zuten Santuenean frontoi ondoko lokal berritua. Auzoan duten azpiegituren sarera batu den egoitza hau ere baliatzera deitu zuten.

Santueneak auzo bizitzarako, bertako dinamikei lekua egiteko gune berritua du. Berria ez, berritua, 2018tik zabalik dutelako. Baina ostegunean, azaroaren 20an egindako inaugurazio ekitaldian Usurbilgo Udalak eta Santuenea Kultur Elkarteak nabarmendu bezala, urteotan ez da sarritan erabili.

Iraileko hirugarren asteburuan bertan ospatu ohi dituzten festen antolatzaileak, jai batzordeak bai baliatu izan du biltegi gisa edota aurrez prestaketa lanen bilerak egiteko. Kale Nagusiko Villa Pilar eraikina birgaitu eta berritze lanetan zuten artean, besteak beste, gune hau ere baliatu zuen Zumarte Musika Eskolak behin-behinean haien dinamiketarako. Gainerakoan, aipatu zuten moduan, "erabilpen txikia izan du" lerrootan mintzagai dugun Santueneako auzo lokalak. 

"Zorte handia dugu"
Gogoan izan, urteotan etorkizuneko Santuenea eraikitzeko auzo plana diseinatu dute. Osteguneko inaugurazio ekitaldian gogora ekarri zutenez, plan horretako "eskaeretako bat izan zen, lokal hau erabilpen komunitariorako egokitzea; biltzeko eta sukalde bat egiteko. Hori zen eskaera eta hemen da". Zabalik eta erabiltzeko moduan jada, hilaren 20ko irekiera ekitaldi ofizialaren ondotik.

Egoitza hau, Santuenea bizigarriagoa egiteko jada zabalik diren gainerako instalakuntza sarera batu da. Izan ere, osteguneko hitzorduan nabarmendu zuten moduan, "zorte handia dugu Santuenean hainbeste ekipamendu izateaz. Edozein auzotan baino udal ekipamendu eta lokal gehiago daude".

Hasteko, Santuenea 11n kokaturiko Gure Elkartea jubilatuen bilgunearen egoitza eta esleipen prozesuan den taberna. Haren alboan, Santuenea 12an, hainbat ekintza, ikastaro egitea ahalbidetzen dieten Santuenea Kultur Elkartearen egoitza nagusia. Kale bat gorago, Santuenea 16ko azpialdea, ludotekarako espazioa dute.

Azpiegiturek komunitatea ezinbesteko bidelagun
Orain, aipatu moduan, udal instalakuntzen sare horretara batu da frontoi ondoko lokal eraberritua. Inauguratu aurretik jada auzo elkarteak sendabelarrei buruzko pare bat ikastaro eginak dituen arren, "hemen ere ekimenak antolatzea gustatuko litzaiguke", adierazi zuten irekiera unean.

Nabarmendu zutenez, ekintzok dinamizatzeko nahiz material erosketarako udal dirulaguntza jasotzen du auzo elkarteak, baina azpimarratu zuten moduan, "udalak baliabideak jar ditzake, baina ez balego komunitate bat musutruk bolondres auzoarentzako aritzeko konpromisoa duena, lokal hauen ateak itxita egongo lirateke".

Ez da halakorik gertatu, eta zoriontzeko modukoa zela adierazi zuten, auzoak duen nortasun agerikoa. Auzo bizitzari eusten eta eragiten dihardute, ekitaldian ziren hainbat talde antolatuek; Santuenea Kultur Elkarteak, Gure Elkartea jubilatuen bilguneak, Ibai-Ondo elkarteak edota jai batzordeak. "Zer gutxi garen baina zenbat taldeetan antolatuak gauden eta zenbat ematen digun auzoak. Baliabide hauek horren mesedetan jartzera gatoz", nabarmendu zuten inaugurazio ekitaldian. Aurrerantzean, sarriagotan erabiltzeko gonbita egin zuten espazio berritua.

Auzo elkartearekin bat egiteko deia
Ekitaldia, auzoaren alde lanean jarraitzeko gonbidapenean bilakatu zuten. Horretarako, auzo bizitza dinamizatzen diharduen kultur elkartera batzeko deia egin zuten. Izan ere, udal dirulaguntzekin nahiz ekintzetako sarrerekin finantzatzen dituzte ekimenak. Horren osagarri ezinbestekoa dute, ordea, bazkidetza. Horretara animatu zituzten.

Gabonei begira
Bertako bizilagunen ekarpenekin osatzen dute urteko ekintzen plangintza. Iazkoak bideo bidez iruditan proiektatu zituzten. Une honetan, urte amaierara begira dira. Eguberrien bueltan hainbat ekitaldi programatu dituzte.