"Baliabide publikoak ez dira aski, komunitatea aktibatu behar da"

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 24a

"Hurbilduz" auzo-zaintza proiektua aurkeztu eta abiarazi dute Santuenean. Auzo bizigarriagoa, zaintzaileagoa izateko bidean, helduenen beharrak ezagutu eta komunitate zaintzaileago bat eraikitzeko lanei ekin diete.

Aginagan martxan jarri ostean, Santuenearen txanda orain. Auzo-zaintza egitasmoa aurkeztu eta abiarazteko lanei ekin diete bertan Usurbilgo Udalak eta zereginotarako lankidetzan ari den Zabalduz kooperatiba. Gogoan izan, biek, Udalak eta Zabalduz kooperatibak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatua dute aipatu proiektu hau garatzeko. Zabalduz-eko bi kide ari dira, "Adinberri fundazioaren bidez, Hariak programaren" baitako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotako egitasmo hau jorratzen. Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, "Aginagan hasi zen proiektu pilotu hori probatzen, eta orain, Santuenean jarri nahi da martxan, duen kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuz, leku ezin hobea dela iritzita". 

Prozesu horri begirako mugarria ezarri zuten azaroaren 20an Santueneako frontoi ondoko lokalean egindako aurkezpen ekitaldiarekin.

"Komunitatea ere prestatu behar da"
Udalerri hau zaintza eredua eraldatzeko, herri zaintzailean bilakatzeko egiten ari den bidearen baitan kokatu behar da auzo-zaintza egitasmoa ere. Horretarako, iragan asteko hitzorduan nabarmendu bezala, "baliabide publikoak ez dira aski, komunitatea aktibatu behar da: auzo-zaintza sare eta espazioak sortzea komunitatean gauzak egiteko".

Era berean, proiektu honen sustatzaileek nabarmendu bezala, horretarako "komunitatea ere prestatu behar da, denok zaintzaileak izan gaitezen".

Aipatu moduan, Aginagan jada abiarazia dute auzo-zaintza egitasmoa. Santueneakoa ez da Aginagakoaren guztiz berdina izango, tokian tokiko proiektuak garatu asmo dituzte eta. Baina antzekotasunak izango ditu noski; horien artean, "bizilagunak inplikatzea" ezinbestekoa izango dela.

Bi lan-lerro izango ditu; "helduak eta komunitatea", bilerara joandakoei azaldu zietenez. "Batetik, bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen pertsonekin Bizi Planak egingo dituzte, akonpainamenduarekin batera: pertsonaren nahiak erdigunean jartzen dituen plan pertsonalizatuak dira, euren ongizatea eta gizarteratzea bultzatzeko, bakardadeak pertsonengan sortzen duen narriadura fisikoa zein psikologikoa atzeratzea helburu. Bestetik, sentsibilizazioan eta aktibazioan oinarrituko den lanketa komunitarioa egingo da: zaintza sare komunitarioak indartzea izango da helburua, eta zenbait kasutan, berriak sortzea".

"Gogotsu gaude zuekin lan egiteko"
80 urtetik gorakoei zuzendutako gutunak bidaliko zaizkie Zabalduz kooperatibakoen telefono zenbakiarekin. Zenbaki horretatik deituko zaie gero eskutitza jasotakoei. Hurrengo urratsa, hitzordua finkatzea izango da hala nahi dutenekin, norbere "beharrak, desioak, egoerak aztertu eta lan plana diseinatzeko". Laburbilduz, "zer behar duzuen eta zer moduz zaudeten" galdetzeko baliatuko dituzte topaketa presentzial indibidualok. "Osasuna, harremanak eta harremantzeko espazioak, etxebizitzetako irisgarritasun maila, zerbitzuekiko ezagutza..." gaiok hartuko dituzte ahotan, besteak beste, elkarrizketa horietan. Hitzordu horiek garrantzi handikotzat jo zituzten "jakiteko zaintzarekin lotutako zer aspektu landu behar ditugun".

Diagnosiaren fasea izango da. "Gogotsu gaude zuekin lan egiteko. Hemen elkar ikusiko dugu hurrengo hilabeteotan", azaldu zieten Zabalduz kooperatibako ordezkariek hitzordura joandakoei.

Aginaga aitzindari
Aginagan martxan duten esperientziak antzeko abiapuntua izan zuen sustatzaileen esanetan. Gutunak bidali eta 65 urtetik gorako herrikideen erdia elkarrizketatu zuten. Topaketen bigarren fasean dira, "berriz geratzen ari gara, zer atera den" partekatu eta nahi izanez gero, lanketarekin hasteko. Horrekin batera, komunitatean ere lanketa bideratu dute. Hortik talde eragile bat osatu dute. "Aginagako beharrak aztertu eta bildu ditugu, lehentasunak zehaztearekin batera"; horien artean, Santueneako bileran aipatu zituztenez, garai bateko zenbait ekintza berreskuratzea legoke, harremantzea, elkar ezagutza sustatzea. "Ekintzen zerrenda osatu dugu eta gauzatzen ari gara", jakinarazi zuten Santuenean.

Besteak beste, dakizuenez, Aginagak herri erdigune bat du baina gero landa eremu zabalean sakabanatutako bizileku bat baino gehiago. Adin tarte horretako hainbat herrikideek mugikortasun arazoak izaten dituzte etxetik atera eta edonora joateko, auto faltagatik. Baliabide hau partekatuta arazo horiek arintzeko ahalegin bidean dira.

Auzo planean jasotako beharra
Santueneara itzulita, auzo-zaintza egitasmo hau aktibatzera heldu izanaren abiapuntua, Udalak eta auzokideek 2021ean lankidetzan bideraturiko diagnosia eta auzo plana izan ziren. Bizigarriagoa izatea xede zuen etorkizuneko auzoa diseinatu eta eraikitzen joateko hainbat behar identifikatu zituzten. Inklusibotasuna, trantsizio ekologikoa, mugikortasun aktiboa, zaintzarako ekipamenduak... izan zituzten hizpide prozesu hartan. Hortik, ekintzen bide-orria osatu zuten.

Lanketa haren harira, auzo-zaintza egitasmoaren hilaren 20ko aurkezpen ekitaldian udal ordezkariek jakinarazi zutenez, urteotan egiten joandako hainbat hirigintza lanetatik haratago (aparkalekuak asfaltatzea, LED argiteria instalatzea...) urbanizazio proiektu bat dute eskuartean 2026ra begira, "aste gutxi barru aurkezteko moduan" izango direnak.

Horrekin batera, hamarkada honen hasierako lanketan, Santueneako bizilagunek lehentasunen artean kokatu zuten helduenen zaintzaren gaia, inkestako parte hartzaileen %57arentzat hain zuzen; auzo elkartea ere egokitzea galdegin zuten. Ekitaldi berean lekua egin zieten bi behar horiei emandako erantzunei azaroaren 20an, Hurbilduz egitasmoaren aurkezpenarekin eta frontoi ondoko lokal berritu eta egokituaren inaugurazioarekin.

Komunitateko kide sentitzea, erronka
Auzo-zaintza proiektuak zubi-lana egin nahi du hala nahi eta behar duen bizilagun horren eta komunitatearen artean, "bere ohiko komunitateko kide sentiaraztea" du erronka nagusi hilabeteotan garatzen joango diren proiektuak, hala nahi eta behar duenak bere ohiko komunitatearekin birkonektatzea.

Aginagan martxan jarri eta Santueneakoa ere ildo beretik, hilabeteotan gauzatzen joan nahi duten moduan, Hurbilduz proiektua "hurrengo hilabeteotan, auzo gehiagotara eramatea da asmoa", Udalak eta Zabalduz kooperatibak aurreratu dutenez.