Astearte honetan, abenduaren 2an, arratsaldeko 15:00etan. Une horretan aktibatuko dute 2. Ibai-Ondo Backyard erronkaren antolatzaileek martxoaren 28ko asteburuan jokatuko den ekimen horretarako izen-emateko botoia. Izena emateko ibaiondobackyard.eus atarira jo beharko duzue eta aipatu moduan, "izen-emateak atalean agertuko den botoia aktibo egongo da 15:00etan".
Egin beharrekoa erraza da. Bertan egongo den formularioa bete eta horren ostean, "email bat jasoko duzue. Jasotzen duzuen mezu motaren arabera, ordainketa egin beharko duzue edo ez", ohartarazi dute antolatzaileek. Deialdi horren harira, "zalantzarik baduzue, galdetu Instagram bidez edo webguneko formularioa erabiliz", jakinarazi dute antolatzaileek.
Izena emateko asmotan direnei adierazi dietenez, "adi egon, plazak oso mugatuak dira!" eta. Gogoan izan, 100 lagunentzako tokia egongo da ekimen horretan. Laurdena, 25 plaza lehentasunez usurbildarrei eskaini zieten azaroko bigarren hamabostaldian zehar herrikideontzat soilik bideraturiko izen-emate kanpainaren bidez. 25 plaza horietatik bost Santueneako Ibai-Ondo elkarteko bazkideei zuzenduak zeuden.
Aipatu moduan astearte honetan, abenduaren 2an, parte hartzaile izan nahi duen lasterkari ororentzat zabalduko dute izen-ematea, arratsaldeko 15:00etan.
Erronka solidarioa
2026ko azken asteburuan, martxoaren 28an (larunbata) hasiko da, amaiera argirik ez duen erronka. Izan ere, gogoan izan, orduero, Atallu, Santuenea eta Txokoalde arteko 6,7 kilometroko ibilbidea osatzea da ekimenaren xedea, norberak erabakitako abiaduran.
Estreinako edizioan, ibilbideari itzuli gehien emandako azken lasterkariak 270 kilometro egin zituen. 41 aldiz osatu zuen 6,7 kilometroko ibilbidea. Larunbat goizeko 8:00etan hasi eta igande gauerdia pasa arte aritu zen etenik gabe, batzuetan oinez, besteetan lasterka (erritmoa partaide bakoitzak erabakitakoaren araberakoa izaten da). Apirilean jokatutako lehen edizio hartan, ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten.
Gogoan izan, bestalde, erronka hau solidarioa ere badela. Zenbait elkartasun egitasmo laguntzeko ere baliatzen dute ekimen hau antolatzaileek eta parte hartzaileek. Hala, bigarren edizioan ere, "CARITASeko ATERPE zerbitzuarekin lankidetzan, parte-hartzaileei eskatzen zaie gutxienez 3 kg janari ekartzea: mota guztietako lekaleak (hobe kristalezko ontzian), kontserbak (atuna, sardinak…), olioa, kafe xigortua, marmelada, gurina, azukrea, arroza eta pasta. Boxen gunean edukiontziak egongo dira elikagai solidario hauek uzteko", araudiaren arabera.