Laguntzaileak behar dituzte 2. Ibai-Ondo Backyard erronkarako. Martxoaren 28ko asteburuan Santuenean jokatuko den ekimenerako boluntario beharrean dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, laguntzaileen "energia eta gogoa beharko ditugu, dena perfektua izan dadin". Antolaketa batzordeak boluntario gisa jarduteko arrazoi hauek eman ditu: "gertaera paregabe baten parte izatea eta barrutik bizitzea; kirola eta natura maite dituzten pertsonak ezagutzea; jokoan eta giro atseginean laguntzea". Laguntza emateko aukera edo modu ezberdinak izango dira; "horniketa puntuak, seinaleztapena, lasterketaren kontrola eta gehiago". Boluntario gisa izena emateko ibaiondobackyard.eus atarira jo beharko duzue.
Itxarote zerrenda
Usurbildarrei zuzenduriko izen-emate esklusiboaren ondotik, martxoaren 28ko asteburuan Santuenean antolatzen ari diren 2. Ibai-Ondo Backyard erronkarako inskripzio epealdi orokorra zabaldu zuten abenduaren 2an. Baina zazpi minututan aurreikusitako plaza guztiak betetzeko adina izen-emate erregistratu zituzten. "Zazpi minututan lortu dugu dortsal guztiak saltzea", zioten antolatzaileek. Esker ona adierazi diete antolatzaileek deialdiarekin bat egin dutenei, hitzorduak izan duen harrera arrakastatsuagatik. Plazak bete arren, itxarote zerrenda osatzeko inskripzio epealdiak zabalik segitzen du ibaiondobackyard.eus atarian.
100 lagunentzako tokia egongo da ekimen horretan. Laurdena, 25 plaza lehentasunez usurbildarrei eskaini zieten azaroko bigarren hamabostaldian zehar herrikideontzat soilik bideraturiko izen-emate kanpainaren bidez. 25 plaza horietatik bost Santueneako Ibai-Ondo elkarteko bazkideei zuzenduak zeuden. Orduero 6,7 kilometroko ibilbidea osatzean datza Ibai-Ondo Backyard erronkak.
Erronka solidarioa
2026ko azken asteburuan, martxoaren 28an (larunbata) hasiko da, amaiera argirik ez duen erronka. Izan ere, gogoan izan, orduero, Atallu, Santuenea eta Txokoalde arteko 6,7 kilometroko ibilbidea osatzea da ekimenaren xedea, norberak erabakitako abiaduran.
Estreinako edizioan, ibilbideari itzuli gehien emandako azken lasterkariak 270 kilometro egin zituen. 41 aldiz osatu zuen 6,7 kilometroko ibilbidea. Larunbat goizeko 8:00etan hasi eta igande gauerdia pasa arte aritu zen etenik gabe, batzuetan oinez, besteetan lasterka (erritmoa partaide bakoitzak erabakitakoaren araberakoa izaten da). Apirilean jokatutako lehen edizio hartan, ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten.
Gogoan izan, bestalde, erronka hau solidarioa ere badela. Zenbait elkartasun egitasmo laguntzeko ere baliatzen dute ekimen hau antolatzaileek eta parte hartzaileek. Hala, bigarren edizioan ere, "CARITASeko ATERPE zerbitzuarekin lankidetzan, parte-hartzaileei eskatzen zaie gutxienez 3 kg janari ekartzea: mota guztietako lekaleak (hobe kristalezko ontzian), kontserbak (atuna, sardinak…), olioa, kafe xigortua, marmelada, gurina, azukrea, arroza eta pasta. Boxen gunean edukiontziak egongo dira elikagai solidario hauek uzteko", araudiaren arabera.