Negu hasierako ia hiru asteko oporraldia tarteko, hamaika ekintza antolatu dira asteotan gazteenentzat Usurbilgo herri eta auzoetan. Batzuk asteazken honetan, urtarrilaren 7an itzuliko dira ikasgeletara, azkenak ostegunean, hilaren 8an. Modu batean edo bestean, bada oraindik jaiegunotako ekimen zikloa borobiltzeko hitzordurik. Azkena, gaurko, asteazken honetarako antolatu du Santuenea Kultur Elkarteak arratsaldeko 18:00etan (17:00etan zegoen iragarria baina ordubete atzeratu dute) auzoko ludotekan.
Oporraldi honetarako deitutako dinamiken baitan, buztinarekin jolasteko saioa antolatu zuten iragan abenduaren 29an. Antolatzaileek jarritako irudiak jarraituz, forma desberdinetako animaliak zein lepokoak egin zituzten gerturaturikoek.
Hitzordu horren harira dago planteatua gaurko saioa. Iragan aste hasieran, buztina lantzen aritu zirenek haien sorkuntza lanak margotzeko aukera izango dute gaur, Santueneako ludotekan.
Halere, saio hartan egoterik izan ez zutenek asteazken honetako hitzorduan parte hartzeko aukera izango dute. Ekimenotarako izena eman nahiz argibide gehiago jasotzeko bideok daude: 621 095 644 / santueneake@gmail.com