"Larunbat goizeko 8:00etan hasi eta auskalo...", auskalo, ezin jakin, noiz amaituko den martxoaren 28ko astebururako antolatua duten 2. Ibai Ondo Backyard erronka. Aipatu moduan, hilaren 28an, goizeko 8:00etan abiatuko dira izena emana duten 124 lasterkariak Santueneako frontoitik. Hortik aurrera, ezin jakin zer bilakaera, zer nolako iraupena izango duen nork bere buruarekin lehiatu beharko duen probak.
Gogoan izan, orduero Santuenea, Atallu eta erriberatik barrena, Txokoalde lotuko dituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, norberak nahi duen erritmoan. Kontua da, jatorria AEB-tan duen erronkan parte hartzen segi ahal izateko 60. minutua baino lehen abiapuntuan izan beharko duela, Santueneako frontoian, ibilbide horri hurrengo itzulia ematen hasteko. Soberan geraturiko denbora tartea, partaide bakoitzak aipatu estalpean izango duen txokoan atseden hartzeko edo berrindartzeko balia dezake. Hala, orduero gauza bera egin beharko du parte hartzaile bakoitzak, nekatu arte edota 60 minutuko muga hori gaindintu arte.
Azken lasterkariak, ibilbideari azken itzulia berak bakarrik eman beharko dio. Gogoan izan, iazko estreinako edizioan Imanol Aleson izan zen txapelduna. 41 itzuli eman zizkion antolakuntzak egokitutako 6,7 kilometroko ibilbideari. Apirilaren 12ko goizeko 8:00etan hasi eta apirilaren 14an, gauerdia pasatxora arte 275 kilometro egin zituen etenik gabe. Antolatzaileen esanetan, "kalkulatzen egon ginen. Gutxi gorabehera Burgoseraino heldu ginen". Hala eman dute aditzera, erronka horren bigarren edizioa aurkezteko, astelehen honetan, martxoaren 16an Potxoenean eginiko aurkezpenean.
Bertan jakinarazi dutenez, "mundu mailako marka lau egunetan dago". Hainbesteraino ez baina, esan dutenez, mugarri berri bat finkatu nahi lukete aurtengo Santueneako bigarren edizioan; "gustatuko litzaiguke 50 orduetara iristea, baina gure esku ez dago, partaideen esku baizik".
Dortsalak berehala agortu ziren
Parte hartzeari dagokionean, antolatzaileen izenean Iñaki Bengoetxeak adierazi duenez, "arrakastatsua izan eta indarra hartzen ari den erronka bat da". Horren adierazle, abenduan 130 lagunentzako izen-ematea ireki berritan gertatu zena. "15 minututan dortsal guztiak saldu ziren" eta horrekin batera, "60 bat pertsona geratu ziren itxarote-zerrendan".
130 lagunentzako lekua zela iragarri zuten urte amaieran, gehiagorentzat ez. Izan ere, Santueneako frontoia baliatzen dute parte hartzaileentzako egoitza gisa. Azpiegitura horren dimentsioak eta parte hartzaileen segurtasunak baldintzatuta zehazten dute gehienezko lasterkarien kopurua.
Hamazazpi herrikide
Sailkapenean nagusitzen direnen lehen gizonezko eta emakumezkoak sarituko dituzte baita Buruntzaldea mailan nagusitzen diren lehenengoak ere. Sariak gaurko agerraldian erakutsi dituzte. Gainerako partaideek domina bana jasoko dute, bukatu ahala.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, azkenean 124 lagunek parte hartuko dute bigarren edizio honetan. Haietatik 20 izango dira emakumezkoak eta 104 gizonezkoak. 95 Gipuzkoakoak izango dira, haietatik hamazazpi Usurbilgoak, beste hamar Bizkaia aldetik etorriko dira, sei Nafarroatik. Euskal Herritik kanpotik ere bisitan izango ditugu Santuenea nazioarteko proba mota honen mapan kokatu duen hitzorduan. Izan ere frantziar estatutik sei partaide izango dira, Asturiasko lau, Bartzelonatik beste hiru lagun etorriko dira eta Valentziatik zein Zaragozatik lagun bana, antolatzaileek gaurko agerraldian zehaztu dutenez.
Laguntza bilketa
Nork bere buruarekiko lehian jarriko duen erronka hau solidarioa izango da baita. Iaz, antolatzaileen esanetan, "oso harrera ona" izandako janari bilketa egingo da eta jasotakoa, etxerik gabe direnen Caritasen Aterpe harrera-zentrora bideratuko da. Bilketa horretan parte hartu zuten iaz, lasterkariek, boluntarioek eta herritarrek. Aurten ere deialdi hau herri osora zabaldu nahi dute.
Iaz bezala, Afrikako Togoko Foyer Adsis erakundeak eginiko poltsak banatuko dira aurtengoan ere parte hartzaileen artean, eta jasotako laguntza ere haiengana bideratuko da.
Solidarioaz gain, girotua izango da bigarren edizio hau ere. Lasterketa noiznahi ikustera joateko aukera izango da amaitu artean. Hilaren 29an, bestalde, estreinako edizioan egin bezalaxe, herri bazkari bat egin asmo dute Santueneako frontoian, lasterkari, boluntario eta herritarrekin.
Eskerrak helarazi nahi izan dizkiete erronka hau gauzatzen lagundutako bidelagun izandako guztiei; babesle eta laguntzaile denei; tartean, Usurbilgo Udalari.
"Erronka pertsonal handia"
Antolatzaileek bueltan jaso dituzte Udalaren eskerrak, alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren eskutik, hasteko, "berriro ere Santueneara, Usurbilera zatoztelako", iazko edizio arrakastatsuaren ondotik eta aurtengoa ere ildo beretik joan daitekeela aurreikusita.
Erronka honi lotutako hiru alderdi azpimarratu nahi izan ditu alkateak. Batetik, kirolaren ikuspuntutik, "erronka fisiko handia da" esan du, "baina batez ere erronka mental izugarria", laburbildu nahi izan duenez, "erronka pertsonal handia". Ildo horretan, hamazazpi usurbildar parte hartzaile izango ditu eta hori nabarmendu nahi izan du. "Baditugu ere usurbildar kirolari ausartak halako proba batean apuntatzen direnak".
Proba honen izaera solidarioa ere goraipatu nahi izan du Solaberrietak. "Iaz bezala, aurten ere baliatuko da proba hau janari bilketa egiteko, Caritasen bidez. Halako kirol probetan alderdi hauek bigarren mailan geratzen dira baina lehen mailan jarri nahiko nuke, kirol proba baten bidez ere bestelako alderdi eta balore batzuk ere landu eta sustatu daitezkeela".
"Auzolanean ibiltzen dakien herria eta herri solidarioa"
Azkenik, ekimen horren "auzo dimentsioa" ere nabarmendu nahi izan du Solaberrietak. "Santueneako auzoarentzat ere erronka handi bat da. Asteburu guztiaz hitz egiten ari gara. Iaz, erakutsi zuen auzo horrek, auzotarrek zer nolako antolakuntza gaitasuna duten" eta horren bidez, agerian geratu zen alkatearen esanetan, badela "beste aukera bat auzoa egiteko, auzotarrak elkartzeko, kohesionatzeko, kasu honetan, kirolaren bidez".
Iaz egin bezalaxe, "seguru nago aurten ere Santueneako auzoak erraz erantzungo diola gisa honetako erronka bati". Ekimenaren antolakuntzak Udala bidelagun izango duela iragarri du, "gure udal baliabideak antolakuntzaren esku uzteko gisa honetako proba bat ahalik eta ondoen atera ahal izateko".
Hala, martxoko azken asteburuan, "Usurbil berriro ere, auzolanean aritzen den herria dela berretsiko dugu eta horrez gain, herri solidarioa ere bagarela, auzolanean ibiltzen dakien herria eta herri solidarioa, badirelako gure nortasun ikurrak eta martxoaren 28ko asteburu horretan berriro ere agerian geratuko dira".
Erronkan parte hartuko dutenei animu mezua helarazi nahi izan die, antolatzaileei zorion eta eskertza, "berriro ere Usurbil aukeratzeagatik kirol proba honen topaleku" gisa.
2. Ibai Ondo Backyard erronka
Hasiera eguna: martxoak 28, larunbata.
Hasiera ordua: 08:00.
Hasiera tokia: Santueneako frontoia.
Iraupena: 6,7 kilometroko itzuli bakoitza egiteko 60 minutuko tartea izango dute parte hartzaileek.
Ibilbidea: 6,7056 kilometro eta 20 metroko desnibela (partaideek orduero osatu beharko dute). Santueneako frontoian hasi eta amaituko da itzuli bakoitza. Bidean, Atallu, Santuenea, eta Txokoalde lotuko ditu erriberako bidetik.
Bukaera: azkeneko lasterkariak eginiko azken itzuliarekin.
Dortsal banaketa: martxoaren 27an, 18:00-20:00 artean eta hilaren 28an, goizeko 6:00etatik aurrera.
Sailkapena:
-Ez da parte hartzaileek eginiko denbora kontuan hartuko, bakoitzak egindako itzuli kopurua eta distantzia baizik.
-Irabazlea, itzuli gehien egingo dituena izango da.
-Bi sailkapen orokor izango dira: emakumezkoena eta gizonezkoena.
-Buruntzaldea mailako beste bi sailkapen zehaztuko dituzte: emakumezkoena eta gizonezkoena.
Oharrak:
-Ekimen solidarioa izango da. Caritasen Aterpe zerbitzurako janari bilketa egingo da.
-Girotutako erronka izango da. Herri bazkari bat iragarri dute parte hartzaile eta antolatzaileekin martxoaren 29an auzoko frontoian bertan.
-Orduero hamar bat minutuz, Santueneko zubi ingurua itxita egongo da ibilgailuentzat.
Informazio gehiago: ibaiondobackyard.eus
Antolatzailea: Ibai-Ondo elkartea, lankidetzan Usurbilgo Udalarekin eta eragile gehiagorekin.